Astelehenean ezarriko dute Lizartzan PPren alkatetza eta udal gobernua
Azken urte hauetan Eibarko Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan PPko taldeko bozeramaile lanetan aritu da Regina Otaola, eta bera izango da Lizartzako alkatea datorren legegintzaldian. Astelehenean hartuko du kargua, baita gainerako PPko sei zinegotziek ere.
Datorren astelehenetik aurrera PPko Regina Otaola izango da Lizartzako alkate, eta gainerako sei alderdikideekin batera osatuko du udal taldea, herenegun Joseba Egibarrek udal korporazioa aldatzeko menia sinatu eta gero. Goizeko lehen orduan, bederatzietan, Lizartzako Udala osatuko dute eta, PPk eskatu bezala, poliziakideak bertan egongo dira.
Kalapita handia sortu zen Lizartzaren jiran bai udal hauteskundeak egin baino lehen, bai eta ondorenean ere. Izan ere, azken lau urteotan herritarren borondatearen aurka EAJko Gipuzkoako presidentea, Joseba Egibar, alkate lanetan aritu baitzen. Izan ere, 2003ko hauteskundeetan, aurten bezala, auzitegi espainolek legez kanpo utzi baitzuten ezker abertzalearen hautagai-zerrenda, Lizartzan erabat nagusi dena, hain zuzen.
Alkatetza merkea: 27 boz
Orain, ordea, Gipuzkoako udalerrian PPk jaso zituen 27 bozei esker, herrialdeko Batzar Nagusietako bozeramaile eta Eibarko PPko zinegotzi Regina Otaola bihurtuko da alkate.
Baina PPk ez du soilik alkatetza bere egingo, Udaleko ordezkaritza guztiak bere egin baititu, eta beraz, alderdi bakarra izango da Lizartzako udaletxean ordezkatua egongo dena.
Joan den maiatzaren 27an EAE-ANVk (legeria espainolaren arabera legez kanpokoa) 186 boz jaso zituen, PPk 27 eta 142 lagunek zuri eman zuten boza. EAJk zuri bozkatzearen aldeko hautua egin zuen, formula hori PPk alkatetza ez eskuratzeko baliagarria izango balitz bezala salduta. EAE-ANVk, ordea, bere apustuarekin jarraitu zuen aurrera eta herritarren bozen gehiengoa jaso zuen; auzitegi espainolek, aldiz, ez dituzte legezkotzat jo boz horiek guztiak.
Ertzaintzak gazte bat atxilotu zuen atzo Balmasedan, Udalaren osaketan izandako istiluak eta gero, PSEko zinegotzi batek jarri salaketaren ondorioz. Emakume bat, ertzainak bila zituela jakinda, polizia etxean aurkeztu zuen bere burua. Biak aske ziren eguerdirako.