Alderdien Legea udalgintzan aplikatzea egotzi dio EAE-ANVk Donostiako Udalari
Gari MUJIKA
Alderdien Lege espainola udalgintzan ezartzea egotzi zion atzo EAE-ANVk Donostiako Udalari, behin eta berriz ateak itxi dizkioten udalbatzen aretoan. Ostegun goizean, esaterako, herritar ororentzat, legez, irekiak diren ohiko udalbatzara sartzea debekatu baitzieten udaltzainek eta ertzainek Donostiako EAE-ANVko ordezkariei. Hala, udalbatzen aretoan bertan eman zuen atzo prentsaurrekoa alderdi ekintzaileak.
«Joan den ekainaren 16tik aurrera bagenekien udal honek zer ulertzen duen herri borondateaz, baina atzokoa [ostegunaz mintzo] ikusita, parte-hartzearen inguruan ere zer ulertzen duen badakigu», salatu zuen Donostiako EAE-ANVko alkategai Agustin Rodriguezek. Alde horretatik, berriro ere 11.000 donostiarren bozak jasotzeari esker zor dizkieten hiru eserlekuak itzultzeko galdegin ditu PP, PSE eta EAJ.
Udaletxeen osatze egunean ez bezala -eraikin guztiaren jiran metalezko murru bat eraiki baitzuten espresuki, hamarka ertzainen zaintzapean-, edota joan den ostegunean gertatu ez bezala, atzo goizean inolako oztopo eta arazorik gabe barneratu ziren EAE-ANVko kideak Donostiako Udalean. Are gehiago, ate guztiak irekiak topatu zituzten, udalbatzen aretokoa barne. Hutsik zegoen, noski; baina prentsa agerraldia emateko probestu zuten.
«Hau da zuen demokrazia?» eta «Donostian demokrazia zero» lelodun eskuorriak soinean zituztela ekin zion EAE-ANVk prentsa agerraldiari. Rodriguezek, Alderdi Politikoen Legeaa udalgintzaraino eramatea egotzi zien Donostiako udal arduradunei, eta herritarren parte-hartzeari ateak itxi izana oso larritzat jo zuen. «Beren burua `pro- gretzat' duen EB-Aralarrek zer dio? Hau al da beren estiloa?», galdetu zien bi alderdioi.
Soldatak igo dituzte berriro ere
Baina ez zen horretan gelditu EAE-ANVko ordezkaria. Oso larritzat jo zuen salbuespenik gabe eta aho batez Udaleko ordezkari guztiek soldatak igotzea.
Are gehiago, gogor salatu zuen Donostiako Udal berriak egin duen lehendabiziko gauza euren soldatak igotzea izan dela. «Faltsua den udalbatza honek» soldatak igo, laguntzaileen kopuruak handitu eta Udalak parte hartzen duen elkarteak banatzea izan da legegintzaldia hasteko egin duen lehen gauza.
Faltsua, EAE-ANVren ustez, euren hiru eserlekuak «ostu» baitizkiete, eta ondorioz, Donostiakoa ez baita herritarren nahien araberako ordezkaritza. Iaz egin bezala, aurtengoan ere, aho batez, % 5,5 igo dituzte udal ordezkarien soldata guztiak. Hala, Odon Elorzaren soldata gordina 83.275 eurokoa izango da, zinegotziena 67.589 eurokoa eta erabateko dedikazioaz ari den oposizioko ordezkariena, aldiz, 50.356koa.
Hori dela-eta, EAE-ANVko alkateen lehen eginkizuna azaldu zuen Rodriguezek: udaletan auditoria independenteak egitea eta udal ordezkarien soldatak jaistea. Alde horretatik, udalbatza guztietan EAE-ANV presente egongo dela azaldu zuen eta jarraipen estua egingo diola Donostiako Udalari.