GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Jai giroan eta liskarrik gabe, baina oraindik orain herria bitan banatuta

Liskar agerikorik gabe, jai giroan, txalo eta animo oihuen artean... iaz bezalaxe, alarde parekideak hartu behar duen itxura hartu zuen; jaiarena. Ageriko itxuren atzean dagoenari erreparatzea ere ezinbestekoa da, ordea, eta normaltasunaren atzeko diskriminazioa ezin atzokoan ere alboratu.

«Bertakoa ez denak ezin du ulertu». Honelakoak askotxotan entzun izan dira alarde diskriminatzaileko partaideen ahotik, batez ere. Ulertu osoan akaso ez, baina bertakoa izan gabe ere makina bat keinu ikus daitezke. Ikusten da jai izan behar duena, jai dela, parte hartzaileek jai giroan ospatzen dutelako eta ondo pasatzen dutelako, baina ikus daiteke, halaber, ez dela jai bere osoan, atzean gatazka eta ondoez ugari ezkutatzen dituelako.

Hala eta guztiz ere, Irunen San Martzial egun honetan, iaz bezalaxe, ez zen liskarrik izan; urruti dira orain hamabi urte, lehen emakumeak Alardean eskopetari gisa sartu nahi izan zuten hartan jasotako kolpe eta isekak, baina oraindik orain Irungo kaleetan alarde bi desfilatzen ikusteak, diskriminatzailea bata eta parekidea bestea, normaltasunik ez dela iradokitzen dio herrira bertaratzen denari. Alarde parekideko partaideei begiratzeak ere makina bat galdera ekartzen du burura, Esther Zabalegi, 70 urte betetzear dagoena, irribarre artean desfilatzen ikustean, esaterako. Nork esan behar zion berari orain 20 urte Irungo jaietako egun nagusian, soldadu gisa bere burua ikusiko zuenik. «Alaba lehen urte hartan irten zen eta hain izan zen txarra eman zioten tratua sukarrarekin egon zela ohean. `Gehiago ez naiz irtengo' esan zidan eta lasai egoteko bere lekua nik hartuko nuela esan nion. Orduz gero urtero atera naiz iaz izan ezik, ebakuntza bat izan bainuen, eta ahal dudan bitartean irtengo naiz». Horrelaxe kontatu zuen Zabalegik. Beranduxeago berriz, gaztetxoak desfilean eta beste galdera burura: Horrek alardea liskarraz baino ez zuen ezagutuko? Pentsa jada dozena bat urte badira emakumeak alardean parte hartzeko lehen pausoa eman zutela, eta saialdiak saialdi, oraindik ez da lortu alarde bakarra eta parekidea. Laida Arroyo Hondarribiarrak 23 urte ditu, eta 16 bete zituenean irten zen lehenengoz alardean. Estu-estuan ezagutu zuen istilurik gabeko jaia. Gogoan du orduan nola esaten zion amari alardean irtengo zela, «baina ez kantinera gisa, soldadu bezala ama». Aurreratu egin zen nonbait.

Goizeko hamarrak eta hamarretan zegoen iragarrita Urdanibia plazatik alarde parekidearen irteera. Ordu bete lehenago ordea, herriaren alde batetik eta bestetik abiatuak ziren partaideak batu, kantinera jaso eta irteera gunera iristeko. Horien txilibitu soinuekin batera entzun zitezkeen alarde diskriminatzaileko partaideenak. Haiek 7.40an abiatu ziren eta hamarretan beren ibilbidea amaitzen ari ziren.

Alde horretatik, bien bitartean, alarde parekideko partaideak prestatzen hasiak ziren: bizkarra zuzen, burua tente... Irteera abisua ematen duen tronpeta soinuarekin batera hasi ziren lehen pausoak ematen, txilibituak jotzen eta danborrak astintzen... Eta horrekin batera hasi ere, lehen txaloak, lehen aupakoak, irribarreak, zirrarak... Abiatu eta berehala geldialditxoa San Juan plazan, generalari, Xabier Martinezi, tropak ikuskatzea baitzegokion. Bertan batu ziren parte hartu zuten milatik gora lagun, aurten egiten ari diren konponketa lanak medio, aurrekoetan baino estuxeago.

Partaideetako askok begiratu zuten plazara sartuta Udaletxeko balkoira, harrera nork egingo ote zien jakiteko asmoz. Bertan ziren, EA, Batasuna eta Aralarko, eta Ezker Abertzaleko udal ordezkariak, baita Bilgune Feminista edota Emakundekoak ere, besteren artean. Udaletxeko atean, berriz, ANVko eta EB-Aralar taldeko ordezkariak Bidasoaldeko Emakumeak konpainiako ordezkariei herriko bandera emateko prest.

Ohikoa den danbateko sorta entzun ostean abiatu ziren 9 konpainietako ordezkariak berriz ere kalean euren ibilbidea osatzera. Atentzio puntua Kale Nagusian jarrita zegoen beste behin, bertan izan baitira urte luzeetan liskarrik handienak. Baina iaz bezalaxe, alarde diskriminatzaileko kideak batzen diren kale horretako tabernak itxiarazi zituzten eta orain urte gutxi txistuak eta irainak entzuten zituzten tokian bertan, atzo txaloak eta animo oihuak baino ez zituzten jaso.

Ibilbidearen amaieran, Bidasoa konpainiako kidea eta alardean parte hartzen saiatu ziren lehenetariko emakume bat, Mertxe Tranche, pozik zegoen. «Inoiz baino hobeto, inoiz baino jende gehiago, inoiz baino gazte gehiago...». Pozik baina errezeloekin oraindik ere: «Zentzu batean normaltasuna iradokitzen du eta hori negatiboa ere bada, ez baita azaleratzen oraindik orain Irunen dagoen arazoa, segregazio arazoa hain justu. Ez da normala bi alarde irtetea eta eztabaida bultzatzea ezinbestekoa da aurrera begira»

Maider EIZMENDI

Ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik ez dagoela esan ohi dute

«Azken urteetako alarderik hoberena da seguruenik, lasaitasunari dagokionez eta mundu guztiak mundu guztiarekiko izan duen errespetuari dagokionez». Irungo alkate Jose Antonio Santanok hitz horiexekin deskribatu zuen atzo Irunen gertatutakoa. Errespetuaz mintzo zen, baina ez zuen azaldu zergatik berak, guztien alkate behar lukeenak, alarde diskriminatzaileri harrera egin eta ordu batzuk beranduago, alarde parekidea udaletxe parera iristean, aurreko urteetan bezalaxe, ez zen balkoian izan.

«Garrantzitsuena jai giroa dagoela da eta konbibentzia gogoa», gaineratu zuen Santanok. Konbibentzia baina ezin nabarmendu, guztiak alarde publiko eta parekide batean elkarrekin batzeko oraindik aukerarik ez bada. Eta horrelaxe nabarmendu zuen ANVko udal ordezkari Peio Gaskonek: «Alkatearen jarrera salagarria da, uko egiten dio alarde ez diskriminatzaileari. Aurten berriz ere eskatuko diogu pausoak emateko Udala bera izan dadin alarde ez diskriminatzailea antolatzen duena».

M.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo