GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Klubaren kirol filosofiari buruzko eztabaida hitzetik hortzera

Realaren krisialdiak klubaren kirol filosofiari buruzko eztabaida berpiztu du, atzo Kursaalean argi geratu zenez. Asko izan ziren bertan jorratutako gaiak baina harrobiaren funtzioa eta funtzionamendua eta, oro har, Realaren kirol politika nabarmendu ziren. Presidenteak berak garrantzi handia eskaini zion hasierako diskurtsoan. Ondoren, akzionistek lekukoa hartu eta iritzi, kritika eta proposamen ugari zabaldu zituzten.

Amaia U. LASAGABASTER | DONOSTIA

Krisialdiek den-dena kolokan uzten dute. Pasadizozkoena eta funtsezkoena zalantzan jartzen dira krisialdietatik irtetzeko beharrezkoak diren eztabaidetan.

Atzo Kursaalean Realak egindako Batzar Orokorrean argi geratu zen talde donostiarra ez dela salbuespena. Arlo guztietako xehetasun bakoitzak merezi izan zuen hausnarketa. Hala ere, bat gailendu zen, dudarik ez, eta egun inguru txuri-urdinaren kezka nagusienetariko dela agerian geratu zen. Asko izan ziren atzo jorratutako gaiak, baina harrobiaren funtzioa eta funtzionamendua eta, oro har, Realaren kirol politika nabarmendu ziren. Presidenteak berak garrantzi handia eskaini zion hasierako diskurtsoan. Gero, akzionistek lekukoa hartu zuten eta iritzi, kritika eta proposamen ugari zabaldu zituzten.

Maria de la Peña presidenteak batzarra zabaldu zuen irakurritako txosten batekin eta presidente txuri-urdinak «Realaren kirol politikaren analisia egiteko, eztabaida sortzen duen funtsezko osagaiarekin hasi behar dugu: harrobi politika, hain zuzen», esan zuen. «Kontseilu honek argi utzi nahi du bere posizioa: harrobia indartzeak Realaren kirol politikaren giltzazko faktorea izan behar du, beraz, lehen taldeko jokalari gehienak harrobikoak izan behar dira. Betiere, hauxe klubaren kirol helburuekin bateragarria bada», nabarmendu zuen.

«Betiere» horrek da, hain zuzen ere, eztabaida nagusia sortzen duena, hainbat jarrera baitaude zaleen artean. Batzuek nahiago lukete taldearen % ehuna harrobikoa izatea; beste batzuen ustez, horrek sor dezakeen arriskua saihesteko kanpoko jokalariak fitxatzeko aukera egon daiteke, inolako mugarik gabe; zaleen beste multzo batek kanpokoak etortzea mugatuko luke... Iritzi ugari, baina bat nagusi: klubaren kirol politika zehaztu beharra, nahiz bata ala bestea izan.

Eta hori da, dirudienez, Kontseiluak lortu ez duena. Edo, behintzat, transmititzea lortu ez duena hain zuzen, Maria de la Peñaren esanetan, zuzendaritza lan sendoa egiten ari baita arlo horretan. Izan ere, harrobiaren funtzionamendua, lehen taldearen premiak, gaur egungo futbolak eta Gipuzkoako gizartearen errealitateak markatzen dituzten baldintzak bateratu zituen. Presidenteak entzun behar izan zituen txistuen arren, gutxik ipini zuen zalantzan Kontseiluak lan egin duela bi urte hauetan; bai, berriz, lan horren balioa.

Jon Larrinagaren ustez, adibidez, «harrobiaren aldeko apustua ez duzue inola ere bete. Izan ere, aurten, historian lehen aldiz, kanpoko jokalariak harrobikoak baino gehiago izan dira», gogorarazi zuen.

Zehaztasuna

Hala eta guztiz ere, akzionista horren ustez, garrantzitsuena ez da hori izan. Hala, Arazo guztien «iturburu bakarra gure kirol filosofia zein den argi ez izatea da. Ez dakigu zer garen, harrobiko talde bat, edo harrobikoa baina atzerritar pare batekin jokatzen duen taldea, edo edozein jokalariez osatutakoa». Izan ere, Larrinagak gai-zerrendan beste puntu bat sartzea proposatu zuen, bakoitzak defendatzen duen kirol filosofiaren aldeko botoa emateko. Eta txaloen arabera, badirudi berak defendatzen duenak hainbat boto jasoko lukeela. Hau da, lehen taldeko jokalarien «erdia gehi bat, gutxienez, etxekoak izan beharko litzateke; jokalari espainolik ez fitxatu, PFEZan sartu den berrikuntza dela eta merkeago delako atzerritarrak fitxatzea; gehienez hiru izan beharko lirateke jokalari atzerritarrak; eta gainerakoak, jokalari gipuzkoarrak edo euskaldunak izango lirateke».

Bat egin zuen berarekin, bi ildotan, Joseba Ibarburuk. Alde batetik zehaztasuna eskatu, baita akzionisten parte-hartzea ere. «Akzionista, bazkide eta zaleen kopuru handi batek harrobiaren aportazioa zein den zehaztea nahi duela uste dut -adierazi zuen-. Eta hain gai garrantzitsua izanda, Batzar Nagusiak erabakitako tresnak argia izan beharko lukeela uste dugu, hurrengo bost, hamar edo urteetan funzionatzeko». Akzionista horren ustez, Realak nortasuna mantendu beharko luke eta aldi berean, egungo baldintzei egokitu. Horretarako, lehen talde txuri-urdinak «batez ere euskal jokalariez osatutakoa» izan beharko luke, «harrobikoak, Gipuzkoa edo euskal taldeetakoak. Eta ezaugari horien jabe ez diren jokalariek gehienez hiru» izan beharko lukete.

Nahiz eta zaleen beste multzo batek alderantzizkoa pentsatu, -Iñigo Gurrutxagaren ustez, adibidez, «Reala ez da oso urrun helduko harrobikoekin, gainerako taldeek bezala fitxaketak behar ditugu eta garrantzitsuena, beraz, staff tekniko ona edukitzea da»- badirudi kanpoko jokalariak murriztearen aldeko korronteak indarra daukala txuri-urdinen artean.

Are gehiago, filosofia hori zehaztazunez aztertzeko premia nabarmentzen duen korrontea. Badirudi, baina, itxaroten jarraitu beharko duela, hitzak soberan baina xehetasunak eta eskatutako konpromiso zehatzak faltan egon baitziren Kontseiluko txostenean bai eta ondorengo erantzunetan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo