GARA > Idatzia > Kultura

Bilbao Artearen eta Kulturaren VIII. Topaketa egingo dute aste honetan

Ianire RENOBALES | BILBO

Atzo hasi zen egun hauetan dantzaren, musikaren eta arte eszenikoen inguruan izango den topaketa. 26 ikastaro baino gehiago egongo dira aukeran parte hartuko duten ikasle guztientzat.

Urtetik urtera topaketa sendotzen doan arren -600 ikasle matrikulatu ohi dira-, 1.000 partaide izatea dute helburu antolatzaileek. Hala ere, plaza gutxiago dago izena eman nahi duten pertsonak baino.

Ikastaro horien aurkezpena egiteko sei gonbidatu izan ziren Bilboko Euskalduna Jauregian: Trinidad Sevillano, Joanne Leighton, Jose Luis Estelles, Ana Luisa Chova, Eduardo Leandro eta Keiko Wataya. Guztiak esperientzia handiko irakasleak dira.

Euren eskoletan teknika landuko dute, baina bakoitzaren berezitasunetan sakonduta. Baleta, dantza garaikidea, klarinetea, kantua eta biolina jorratuko dituzte batez ere. Eskola horietan izena eman dutenek harmonia, artikulazio ariketak, partitura ikerketa, interpretazioa, arnasketa eta fonazioa landuko dituzte batik bat. Aurtengo berritasuna perkusioa sartu izana da, Bilboko ikasleei zuzendua.

Teknologia artistiko berriak

Erreminta horiek erabiltzeak hiru helburu izango ditu: praktika artistikoan software librea erabiltzea bultzatzea, ikus-entzunezkoak diren proiektuetan irudi eta soinuak berriz erabiltzea eta web 2.0 definitzea eta ikertzea produkzio artistiko bezala. Andrea Zapp ikertzaile alemaniarra eta Rick Prelinger idazle, artxibogile eta zinema zuzendaria izango dira gonbidatuak.

Bestalde, Bizkaiko kosta oinez egingo dute. Ikastaroaren xedea bisitariak alderdi horretara joatea da; horrekin batera, historia, ohiturak, kirolak eta gastronomia ezagutarazi nahi dituzte. Ikasleek ibilaldia itsasontziz eta oinez egingo dute herriz herri. Ondarroan hasiko dira, eta lau egun iraungo du txangoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo