GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Txapeldunen Liga

Nazabalek finalerdiak jokatzeko txartela oso gertu dauka

Etxarrikoak jokatu duen hirugarren proba ere irabazi du, eta sailkapen nagusian lehen postuan dago. Arrospidek, berriz, joan den asteburuan jokatu zuen beste norgehiagoka bereganatu zuen

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Floren Nazabalek ia lortuta dauka Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligako finalerdiak jokatzeko txartela. Etxarriko aizkolariak hiru proba jokatu, eta denak irabazi ditu.

Herenegun bi proba jokatu zituzten, eta goizean Ozetan izan zen Etxarrikoa. Hark lortu zuen garaipena. Larretxea eta Lopez izan zituen aurkari, eta nafarrak sei probetatik bost irabazi zituen.

Etxarrikoak kolpekakoa, erlojuz kontrakoa, zutikakoa eta etzandakoa eta saio luzea irabazi zituen. 60 ontzakoarekin, berriz, Larretxea izan zen onena, eta Lopezek ezin izan zuen proba bakar bat ere irabazi. Amaieran, Nazabal izan zen onena, Larretxea bigarren geratu zen eta Lopez azkena.

Arratsaldean Undurragan izan zen proba, eta han hiru gipuzkoar izan ziren. Arrospide, Arria V.a eta Olasagasti neurtu ziren. Leaburukoa izan zen onena, baina lau segundoko aldea bakarrik kendu zion Arria V.ari

Arrospidek lehenengo hiru probak irabazi zituen, abiadurakoa, kolpekakoa eta zutik eta etzandakoa. Beste biak Arria V.ak bereganatu zituen, 60 ontzakoarekin, eta proba luzea ere berak irabazi zituen, nahiz eta lau segundoko aldeaz amaieran bigarren geratu zen. Olasagasti sailkatu zen laugarren.

Nafarroakoa

Nafarroako Bigarren Mailako Aizkolarien Txapelketako kanporaketa jokatu zuten ostiral ilunabarrean Eulaten, eta Belarra, Jaunarena, Erdozia, Amillano eta J.Telletxea sailkatu ziren finala jokatzeko.

Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat moztu behar izan zuen. Luixmari Belarrak irabazi zuen. Doneztebekoari Jaunarenak besterik ez zion aurre egin, baina irabazleak bederatzi segundo kendu zizkion. Hortik aurrera alde nabarmena izan zen, hirugarren sailkatua, Erdozia, alegia, bi minutu eta zazpi segundora sailkatu baitzen. Belarrak oso itxura ona eman zuen eta bere herrialdeko Bigarren Mailako Txapelketa irabazteko faborito nagusi bihurtu da, nahiz eta azkeneko saioan lana aldatu eta handiagoa izango duten. Han ikusiko da kanporaketako maila erakusten duen edo ez. Iriartek eta Jaime Gorritik maila galduko dute, baita Patxi Mindegiak, Floresek eta Larrionek ere.

 
Atutxatarrak atera dira garaile

Atutxa aita eta semea izan dira Bizkaiko Binakako Txapelketako txapeldunak, ostiral gauean jantzi baitzuten txapela, nahiz eta Aldape eta Larrea oso gertu izan zituzten.

Atutxatarrak ziren irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin, amaieran nagusi izan baitziren. Hala ere, uste baino lan handiagoa egin behar izan zuten, Aldape eta Larrea oso indartsu aritu baitziren, eta azkeneko enborrean pare-parean sartu ziren. Amaieran, ordea, Atutxatarrak freskoago agertu ziren, eta irabazi egin zuten.

Horien atzetik, Mendieta eta Txikon izan ziren, eta laugarren eta azken postuan Zelai II.a eta Garitaonaindia sailkatu ziren, berek pasatu baitzuten zortzi kana-erdiko mozten denborarik handien.

Aitzol Atutxa bihurtu da bizkaitarren itxaropen nagusia. Gazteetan txapelak irabazten ari da, eta handietan bide beretik jarraitzen badu, gauza bera egingo du. 18 urte ditu; mutil handia da, eta kolpea ere handia dauka. Lan motzean oso ona da, baina luzean hobetu beharra du. Bizkaian ez ezik, Euskal Herrian ere oso kontuan hartu beharko da.

Urresti eta Mugartegi izan dira onenak

Javier Urrestik eta Jon Mugartegik irabazi dituzte Gipuzkoako orga jokoko eta ingude-altxatzeko txapelak. Herenegun jokatu zituzten Leaburun, eta Mutrikuko sokatira taldeko bi kideak izan ziren onenak. Urresti orgarekin nagusitu zen; Mugartegi, aldiz, ingudearekin izan zen garaile.

Goiherrik eta Gaztedik berdindu egin dute

Goiherrik eta Gaztedik berdinduta amaitu dute Euskal Herriko Sokatira Txapelketako 600 kiloko lehen jardunaldia, eta pisu horretan lehia handia izango dela erakutsi zuten. Areso geratu zen hirugarren postuan; Mutriku izan zen laugarren; Goiherri B bosgarren geratu zen, eta Gaztedi B, azkena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo