GARA > Idatzia > Zinema

Aborigen baten heriotza

«Jindabyne»

Raymond Carverren ipuin laburra da. Robert Altmanek erabili zuen «Short Cuts» filmean eta orain Ray Lawrencek hartu du oinarritzat «Jindabyne» egiteko. Elkarri lotutako egoeren eta pelikula koralen aldaera da, eta gertaera misteriotsu bat gordetzetik abiatzen da.

Mikel INSAUSTI | DONOSTIA

Duela sei urte, Ray Lawrence australiarraren «Lantana» filma ezagutu genuen Donostiako Zinemaldian eta berak gustuko duen zinema koral motaren erakusgarria da. Orduko hartan ere, senar-emazte batek bere harremanari buruz zeuzkan zalantzak eta inguruko bikoteekin zeuzkaten harremanak ziren ekintzaren abiapuntua, eta zuzendariak Ingalaterratik kanpoko aktore ingeles-hiztunak baliatu zituen rol nagusietarako. Ez dirudi kasualitatea film luze berrian Raymond Carver idazle estatubatuarraren ipuin labur bat aukeratu izana; hau da, Robert Altman maisuak «Short Cuts» («Vidas Cruzadas») filmerako egokitutako ipuinetako bat. Film hori elkarri lotutako egoeren eta pertsonaien eskema erabiltzen duten film guztien amatzat jotzen da. Ipuinak hildakoen eta bizidunen arteko harremana jorratzen du, baina film honetan oso bestelako profila erakusten du, Antipodetako ikuspegia baitu. Aldeez ari garela, Beatrix Christianen gidoiak Australiako idiosinkrasia nabarmentzen duela aipatu da: bai, aborigenekiko arraza gatazkari dagokionez, bai hiri garapenaren eta landa ingurunearen arteko talkaren beste berezitasun batzuk.

Jindabyne protagonistak arrantza egitera doazen natur erreserbaren izena da. Emazteak eta familia gabe boy scout espiritua partekatu eta gozatu nahi duen lagun talde bat da protagonista. Ezkongabeko bizitzarako eta oinarrizko maskulinotasunerako itzulera-abenturak oztopo bat edukiko du bidean, baina isilpean gordetzea erabakiko dute, aisialdi plana honda ez dakien. Normaltasunera itzulitakoan, kontu iluna zabaldu egingo da eta aurre egin beharko diote. Misterioa, neurri batean beren emazteei ere ezkutatua, ibaian flotatzen aurki- tutako aborigen batekin dago lotuta. Kasua korapilatu egingo da, Poliziari berehala jakinarazi ordez arrantzan jarraitzea hobetsi zutelako; gertatutakoak ez zuen beren atari zabaleko aisialdi jarduera galarazi behar.

Gabriel Byrne irlandarra eta Laura Linney estatubatuarra dira aktore nagusiak eta argumentuko dilema moralari aurre egiten diote. Beren sendotasun dramatikoaren bidez, senar-emazteen arteko krisi bat eszenaratzen dute. Kanpoko gertaera batek eragiten du krisia eta, zintzotasun ezaren ondorioz, denboraren joanean pilatutako frustrazioek gaiztotutako elkarbizitza lehertu egingo da. Iraganeko jazoera mingarriak eta bizimodu aspergarriak eragin- dako atsekabea unerik okerrenean azaleratuko dira.

Estreinaldia

Zuzendaria: Ray Lawrence.

Gidoia: Beatrix Christian, Raymond Carverren ipuin labur batean oinarrituta.

Antzezleak: Gabriel Byrne, Laura Linney, Sean Rees-Wemyss, Deborra-Lee Furness, John Howard, Eva Lazzaro, Chris Haywood, Stelios Yiakmis,

Simon Stone, Leah Purcell.

Herrialdea: Australia, 2006.

Iraupena: 123 minutos.

Generoa: Drama sikologikoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo