GARA > Idatzia > Ikusmira

Txetxeniako zulo beltza

Espazioan omen dira dena xurgatzen eta desagerrarazten duten zulo beltz erraldoiak. Baita planeta honetan ere. Horietako bat Txetxenian dago. Errusiak egunero bortxatzen ditu hor giza eskubideak, atzo (berriro) Europako Giza Eskubideen Auzitegiak (Europako 47 estatu biltzen dituen Europako Kontseiluak sortua) salatu zuenez. Ruslan Alijadizhiev Txetxeniako Parlamentuko presidente izandakoaren desagerpenaren harira, Europako Auzitegiak Kaukasoko herri honek duen egoera beldurgarriaren berri eman digu: desagerpenak, exekuzioak, garbiketa etnikoa... eta, horren guztiaren atzean, Moskuko agintarien erabateko inpunitatea.

Baina hau guztia ez da atzoko kontua. Iturri independenteek egunero salatzen dituzte Txetxenian gertatzen diren bortxaketak. Herri hau ia hustu egin du Errusiako Armadak eta belaunaldi osoak galdutzat jo daitezke (duela gutxi Mugarik Gabeko Medikuek baieztatu ahal izan dutenez), hasieran aipatutako zulo beltz horietako batek irentsi izan balitu bezala. Baina zulo beltz horrek izen eta abizen zehatzak ditu, komunitate internazionala delakoak bestaldera begiratzen badu ere. Europar Batasunak, esate baterako, atzo bertan eskatu zien bere kideei tentsioa baretzeko Moskurekin eta iritzi moralik ez erabiltzeko Errusia eta Batasunaren arteko harremanetan. Horixe, zulo beltza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo