GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Hiru uko eta kukurruku

Ez naiz historian aditua; hemengo azken hilabeteotako istorioak ulertzea ere asko kostatzen zait, kontuak atera! Baina, aditua ez izan arren, zerbait jakin badakit, eskola garaian ikasgelan entzunda edo. Horra, kasuko, behialako Grezia hartakoa, pentsalariak tunika zuria jantzita, geroko epaileenaren beltzetik ondo bereizteko, eskaileretan pentsakor jesartzen zirenekoa; ukondoa belaunean zutela eta eskuaren zabalak burua kokotsetik sostengatzen ziela. Zenbat aldiz ez ote diguten horrelako irudirik erakutsi! Mende asko pasatu behar izan dira filosofo haiek, burua bor-bor, zertan ari ziren nik neuk behintzat jakin ahal izateko. Athleticen filosofiaz ziharduten, gizajoek. Zein da nor San Mameseko katedralera zurigorriz ateratzeko? Horra hor erakunde armatuaren eta sozialista ei den Gobernuaren arteko bileren aktak baino lehenago argitu beharreko kontua.

Lehenengo abizena euskalduna derrigor ala laugarrenarekin nahikoa? Abizenak ama-aitarena izan behar du ala koinatuaren amaginarrebarenak ere du balio? Zenbat herrialde ditu Euskal Herriak futbolaren politikan? Herrialde horiek guztiak Kantauri aldeko Euskal Herrian ote dira? Patagonia ere euskal futbolarien harrobia ote da, etebekoek urtean behin irain eta labankaden arteko bide zatarra eginez ikurrina hantxe ipintzen lortzen dutelako? Ez nau harritzen behialako Greziaren filosofo haiek harri eginda amaitu izanak; harrituta, beraz. Ez, ez da erraza zurigorrien zuhaitz genealogikoa segitzea, bizi-katearen abiapuntu zen tximinoaren arbasoek zuhaitzera igotzea erabaki zutenetik haien ondorengoak katedraleko belarrera eeeup! zurigorri atera gura izan arteraino. Tira, distantzia motzekoari eman behar zaio garrantzi gehiena; bertokoak dira bertokoa aupatu behar dutenak. Izenetik izanera, honetan ere.

Hogei mende barruko arkeologoek lana baietz izango! Kostaldeko kobazuloren batean topatuko dituzte erakunde armatuaren eta sozialista ei den gobernuaren arteko topaketen aktak. Egia esan, lan gehiago izango dute inguruko harrobia geldiarazten aktak arakatzen baino. Baina zailagoa izango dute Nafarroako gobernua osatzeko aktena, kobazulo askotan barreiatuak izateaz gain askoz ere hizkera teknikoagoa jasoko bide dutelako. Biotan orduko sozialistek hirutan egingo dute uko, oilarrak kukurruku egin baino lehen

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo