GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Duintasunak Gatza izena daukala» aldarrikatu zuten atzo Zornotzako kaleetan

Mila lagun inguruk hartu zuten parte atzo Zornotzan Jose Mari Sagardui Gatza-ren askatasuna exijitzeko deitutako manifestaldi eta ekitaldi politiko hunkigarrian. Astelehenean 27 urte beteko ditu Gatzak giltzapean. Hortaz, Askatasuneko bozeremaile Oihana Agirrek, zera gogorarazi zuen: preso zornotzarrak «espetxe politika honek bere baitan dituen eraso guztiak bizi behar izan ditu: sakabanaketa, bakartzea edo bizi baldintzen okertzea».

Beñat ZARRABEITIA | ZORNOTZA

Atzo Zornotzara gerturatu zen orok Jose Mari Sagardui Gatza-rekiko elkartasuna eta bera askatzearen aldeko aldarriaz jabetzeko modua izan zuen. Izan ere, Bizkaiko herriko kaleak pankarta, kartel, pintada eta Gatza-ren aurpegia zuten banderola ugariz jantzita zeuden. Jose Mari Sagardui Europako preso politikorik zaharrena da.

Arratsaldeko lehen ekitaldia Zornotzako udaletxearen aurretik abiatu zen, herritarrek Erreferendum Plaza izenaz bataiatutako lekutik, alegia. Bertan, mila lagun inguruk bat egin zuten 18.00ak aldera abiatu zen manifestaldian parte hartzeko. Martxaren hasieran, Zornotzako presoen senitartekoek eraman zuten banderola erraldoi batek zabaltzen zuen bidea; euskal presoen euskal herriratzea eskatzen zuen banderolak. Euren atzean, «27 urte kartzelan, aski da, bizitza osoa borrokan. Gatza askatu!» leloa zuen pankarta ikus zitekeen. Bertan, Santos Sagardui, Gatza-ren aita, eta Askatasuneko bozeramaile Oihana Agirre zeuden besteak beste. Horiekin batera, parte hartzaileen artean, Etxerateko bozeramaile Estanis Etxaburu, Batasuneko mahai nazionaleko kide Aner Petralanda, Arantza Arruti ezker abertzaleko militante historikoa edota 18/98an auzipetutako Nekane Txapartegi izan ziren.

Zornotza osoa zeharkatu zuen manifestaldiaren ibilbidean zehar «Gatza askatu», «presoak kalera, amnistia osoa» eta gisako oihuak entzun ziren. Horiek hala, protesta Batzokiaren aurretik pasatzerakoan «PNV español» eta «PSOE hiltzaile, PNV laguntzaile» lemak eta txistuak ozen agertu ziren.

Azkenik, martxa Zelaieta Parkera ailegatu zen. Azken orduko aldaketa batek, bertara eraman zuen ekitaldi politikoaren gunea. Izan ere, Zornotzako udalak jarritako oztopoek, ekimena bertako ateen aurrean ospatzea galarazi zuten. Horiek hala, Gatza-ren omenezko ekitaldi politikoa txalaparta eta deiadarraren doinu zorrotzekin hasi zen. Gainera, txalapartarien artean figura bat ageri zen nabarmen: Goiztiri Sagarduirena, Gatza-ren alabarena, alegia.

Zornotzako preso ohiek eta amnistiaren aldeko mugimenduko kideek 27 zatiz osatutako puzzle bat osatu zuten; Sagarduik kartzelan eman duen urte bakoitzeko pieza bana. Behin osatuta, Gatza-ren irudia eta bere askatasunaren aldarrikapena batu ziren.

Horren ondoren, Gatza-ren gazteetako laguna, koadrilakidea eta burkidea izandako Joxean Etxebarriak hartu zuen hitza. Honek, Sagarduiren ikuspegi humanoanabarmendu zuen. Horren adibide izan zen Gatza ezizenaren jatorria azaltzea.

Etxebarriaren ostean, Xabier Amuriza, Xabier Irakulis, Amaia Aurrekoetxea eta Onintza Enbeita bertsolarien txanda izan zen. Azken horren bertsoan, «herri honetan duintasunak Gatza izena daukala» entzuteko aukera izan zuten Zelaieta Parkean bildutakoek. Bertako kioskora igotzen hurrengoa, Maite Legorburu, espetxean 21 urte bete dituen Juan Jose Legorburu preso zornotzarraren senitartekoa izan zen eta Gatza-k bidalitako gutuna irakurri zuen. Irakurketak, arratsaldeko unerik hunkigarrienetako bati bide eman zion: Gatza-ren aita eta alaba, Goiztiri, taula gainera igo zirenekoari. Txalo zaparrada izugarria jaso zuten biek.

Txalo horiek errepikatu ziren herriko gainerako preso, errefuxiatu eta iheslariak kioskoan agertu zirenean. Guztien aurrean, eta Gatza-ren irudia osatzen zuen puzzlea parean zutela, bi dantzarik ohorezko aurreskua dantzatu zuten.

«Xantaia sufrimenduarekin»

Ekitaldia amaitzeko, Askatasuneko bozeramaile Oihana Agirreren txanda ailegatu zen. Horrek, Sagarduik espainiar Estatuko 14 kartzelatan eman dituen 27 urteotan bizitakoak gogorarazi zituen: «Espetxe politikaren baitan izan diren eraso guztiak jasan behar izan ditu, hala nola sakabanaketa, bakartzea, bizi baldintzen okertzea, komunikazioa murriztea, ikasketen debekua edo 40 urte arteko espetxe zigorrak ezartzea». Hortaz, «espetxe politikak okerrera egin duela» nabarmendu zuen eta estatuek «espetxe politika eta Audientzia Nazionala gerra tresna bezala» erabiltzen dituztela salatu zuen. Horren harira, «espainiar Estatua euskal presoen kolektiboa erabiltzen saiatu da, prozesua bera baldintzatzeko, eta sufrimenduarekin xantaia eginez, kolektiboa txanpon truke bezala erabiliz», gaineratu zuen.

Egoera horren irtenbidea, Agirrek, «Euskal Herriaren aitortza politikoan, hitza eta erabakiaren errespetuan, hau da, autodeterminazioan eta amnistian» kokatu zuen. Bere esanetan, autodeterminazioak eta amnistiak «errepresioa eta gatazka eragiten duten zio politikoaren gainditzea» suposatuko lukete.

«Euskal Mandela»

Gatzak 27 urte beteko ditu espetxean bihar. Hala, bere garaian Nelson Mandelak Hegoafrikan betetako urteen parera heldu da. Atzo, Joxean Etxebarria lagunak «euskal Mandela» bezala izendatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo