Mikel Aramendi Kazetaria
Esnatzen ari daitekeen sumendia
Bere gailur koniko erregularrak, batez ere neguan elurtuta ageri denean, helarazten duen bake sentipenari jaramon handirik egin gabe, bulkanologoek beti gogora- razten dute Fuji mendia sumendi aktiboa dela. Egia da ez dutela oso arriskutsutzat jotzen, baina etengabeko zaintzapean dute, badaezpada ere. Aurten betetzen da, hain zuzen ere, haren azken erupzioaren hirugarren mendeurrena (1707ko abenduan hasi baitzen), eta horregatik espero da urtero, uda sasoi honetantxe batez ere, haren gailurrera igo ohi diren 200 mila bisitariak biderkatu egingo direla urte honetan eta hurrengoan. Miragarria izan behar du tontorreko bista.
Esan beharrik ez dago Fuji mendia dela Japoniaren sinbolo unibertsalena. Haren sendotasuna, itxuraz baketsua baina noizean behin beldurgarria, japoniar herriaren irudi zuzena dela teorizatu duenik bada. Ez da derrigor sinetsi beharrekoa, baina gogoan izatea komeni da, garai hauetan batez ere. Japoniar sumendia ez dagoelako itzalita.
Adibidez, krisi politiko bitxia bizi izan du Japoniak egun hauetan. Fumio Kyuma, Defentsa ministroak dimititu egin behar izan du ekainaren 30ean egin zituen adierazpen batzuek sortutako iskanbilagatik (uztailaren 29an Goi Ganbararako hauteskundeak egingo dira, eta Shinzo Abe-ren Partidu Liberal Demokratikoak bestela ere bazuen nahiko lan, gobernuak eta lehen ministroak gero eta harrera ezkorragoa jasotzen dutelako inkestetan). Hala ere, Kyuma ahoberoari bururatu zitzaion adieraztea Hiroshima eta Nagasaki suntsitu zituzten bonba atomikoak agian beharrezkoak izan zirela gerra hura amai zedin... Adierazpenak, osorik hartuta, horren taxugabeak ez ziren arren (PLDko buruzagi ahaltsuenetakoa ez ezik, Nagasakiko hautetsia da Kyuma «betidanik»), dimititzea beste erremediorik ez zaio geratu, Japonian sutu den haserrearen aurrean.
Mende erdia baino gehiagoz «Japoniako Defentsa Agentzia» izan denari mozorro-izen hori kendu eta «Defentsa Ministerio» bihurtu ondorengo lehenengo ministroaren akabera politikoa da gutxienekoa, noski. Askoz funtsezkoagoa da gertaerak japoniar gizarteari buruz erakutsi duena: oraintsu arte ia tabu izan dena, 1945eko eraso atomiko estatubatuarrei buruzko epaia, hizpidera ekarri denean, nolako erresumina agertu den. Iragandako denborak ez duela orbandu zauria dirudi, eta isilpean gorde izanak agian ez du lagundu.