GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Eguzki irratiak udarako saio sorta berezia prestatu du

Uda garaia iritsi dela eta, Iruñerriko Eguzki irratiak programa-zerrenda berria jarri du abian. Guztira hogeita bi saio berri eskainiko ditu urria bitartean, horietatik hamar, ekoizpen propioak. Udazkenerako, Nabarreriako ohiko lokaletik emititzea espero dute.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Aurtengo martxoan edukiak aldatu eta programa-zerrenda berritu ostean, udari begira beste horrenbeste eginda hasi du Eguzki irratiak uztaila. Hilabete honetan hasi eta urria bitartean 22 programa emango dituzte, horietatik hamar Iruñerriko irratiak ekoiztutakoak eta beste hamabiak Arrosa Saretik hartuak. Edukien erdia euskarazkoa da eta web orriaren bidez irratia zuzenean entzun daiteke.

Eguzkiren programen artean, jadanik eman dituzten saioen arteko hautaketa bat egin dute eta freskotasuna bilatzen ahalegindu dira. Hartara, astegunak Axa Mixa haurrentzako saioarekin hasiko dituzte 8:30ean eta, ostean, programa generikoak eskainiko dituzte 11:00ak bitartean (zientzia, poesia, elkarrizketak, bertsolaritza, umorea..). Arratsaldeak, aldiz, musikari eskainiko dizkiote bete-betean. Iruñeko irratiak askotariko musika estiloei zuzendutako saioak -ekoizpen propioak- emango ditu, besteren artean, «Mundo cocek» (munduko musikak), «¿Cómo están ustedes?» (metala), «Pasión por el ruido» (talde lokalak eta elkarrizketak), «Bionika» (elektronikoa), «Fiebre» (rapa) eta «Rock and Roll zine» (rockaren historia). Berezitasunen artean, bidaiei buruzko saioa ere eskainiko dute, astean bitan (astearteetan 19:00etan eta asteazkenetan 10:00etan) eta udako proposamenak eskainiko dituzte.

Asteburuetan, aldiz, musikak eta saio tematikoek izango dute nagusitasuna.

Iazko udan ere Eguzkik programazio berezia antolatu zuen udarako eta zuzeneko saioak ere bazituen. Aurten, ordea, lokal aldaketa lanetan buru-belarri sartuta daudela eta, jada emandakoekin moldatzea erabaki dute. Hartara, aurten ez da zuzeneko saiorik izango. «2003an Nabarreriako lokala utzi behar izan genuen, barruko krisia, lokala berritu beharra eta finantziazio kaskarra zirela eta, txosnak ezin izan genituelako jarri, eta Alde Zaharreko lokal batera etorri ginen. Hurrengo kurtsorako -gaineratu dute-, %95ean ziur gaude betiko egoitzara, Nabarreriako Eguzki Etxera, itzuliko garela, eraberritze lanak amaitze bidean daude eta».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo