GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Norknorinor

Ines INTXAUSTI
Telebista kritikaria

Hau nire azken saioa da....» esan eta gero, aurpegia aldatu zitzaion Buenafuenteri. A3ko azken saioa zela gehitu arte, noski. «Etorkizunean, agian, gehiago izango ditut». Azken hori adierazi eta gero, berriro aldatu zuen aurpegiera. «Etorkizuna, baldin eta badago? Badago, ezta?», bota zuen gero, eta ni barrez lehertu nintzen. Ez galdetu zergatik. Agian etorkizunaren aurrean hain optimista ikusteagatik. Orain dela 8 urte etorkizuneko telebista nolakoa izango zen -gaurkoa urrun jo gabe- hausnartzeko gonbidatu ninduten mahai inguru batera. Nik tele-errealitatea eta «Big Brother» formulak bezalakoa izango zela igarri nuen eta denek pesimistatzat hartu ninduten une hartan. Baita gauza gehiago ere (bai, ezta, Virginia Yagüe?). Ez didazue ukatuko botere estrak eta naturalak ditudala, e!

Iragan luze hartan ez nuen Juanito Oiarzabalen izena asmatu. Argi daukat detaile kapritxoso horrek ez didala igarle ofizialtasunik ematen, baina zaila da gizon honen mendi-kate-dikoa imajinatzea.

Dagoeneko, denek jakingo duzue «errealiti-ti» konpetitibo batean hartu duela parte eta zuzen-zuzenean irabaztera zihoala bota zuen. Comme il faut! Ados nago bere teoriarekin. Bere profil profesionala duen gizakiak irabaztea besterik ez du nahi. Irabaztea bere zentzu polisemiko zabal guztietan, noski. Garaipena lortu. Maillot horia. Urrezko domina. Maskorra. Nobela. Eta loriaren atzealdean dirua, maiteok.

Baina, bizitzan, edonoiz dena galtzeko zorirako prestatu behar duzu burua, erronka txikienaren aurrean bada ere. Norgehiagokak temati eta grinatsuak izaten dira. Juanito Oiarzabal den pertsonaia bezala. Oso curriculum aparta izateak ez dio galarazi tele-uharte katodiko baten junglan sartzeko gogo sonatua. Mundu larrosatik sortu diren hainbat arantzaren artean ondo mugitu da mendizale arabarra. Umiltasuna ez da bere ezaugarrietako bat, nahiz eta horrek ez duen beste gizakiak baino hobe edota okerrago egiten, noski. Hemendik aurrera, badu prezio bat gure Juanitok. Arreta jartzen baduzue, lepoan darama kantitatea. Aurpegian kalitatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo