GARA > Idatzia > Arrauna

ARRAUNA San Miguel Liga (TKE)

Oriok urrezko asteburua osatu du Arousako uretan

Berriz ere lehia bizia izan dute Urdaibairekin; Hondarribia, Pedreña eta Castro, ligan ia aukerarik gabe

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Bikaina. Ezin da beste hitzik erabili Oriok Galizian egin duen lana deskribatzeko. Larunbatean, O Groveko estropada irabazi ostean, atzo beste garaipen eder bat erdietsi zuten gipuzkoarrek Boiroko uretan eta San Miguel Ligako lidergoan jarraituko dute aste bat gehiagoz. Gainera, aurkari zuzen batzuei alde nabarmena atera diete ligako sailkapenean: 14 Hondarribiari eta 16 Pedreña zein Castrori.

Bezperan bezalaxe, Aizperroren mutilek lehen txandan egin zuten arraun eta horrek abantaila eman zien. Tostetan bost aldaketa egin arren -Redondo, Iglesias, Gaztañazpi, Kolina eta Etxebeste sartu ziren-, larunbateko mailari oso ongi eutsi zion ontziak. Kasu honetan, gainera, Urdaibairekin lehia zuzen-zuzena izan zuten eta lehen bi luzeetan atzetik ibili arren, hirugarren ziabogan segundotxo batzuetako errenta hartu eta bikain eutsi zion tarteari haizealdera egindako azken txanpan.

Bizkaitarrek berriz ere bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Patxi Bilbaok lau aldaketa egin zituen -Arego patroia, Zabaleta, Duñabeitia eta Viadero sartuta-, baina ez ziren oriotarrei aurrea hartzeko gai izan. Hori bai, ligako sailkapenari begira, asteburu ona izan da Bermeokoentzat ere.

Haizearekin komeriak

Minutuak pasa ahala, haizea harrotzen joan zen Arousako itsasadarrean eta, bezperan gertatu bezalaxe, haizearekin komeria latzak izan zituzten bai bigarren txandako ontziek eta, batez ere, hirugarren txandan arraun egin zutenek. Eta, bezperan bezala, kaltetuenetako bat Hondarribia, egungo txapelduna, izan zen.

Gipuzkoarrek aurreneko bi banderak irabazi zituzten iaz Galizian, baina aurten ahazteko moduko asteburua izan dute. Azken txandan irabazle izan eta arraunketa txukuna erakutsi arren, 43 segundo galdu zituzten irabazleekiko eta titulua oso zaila jarri zaie dagoeneko.

Antzeko zerbait esan daiteke Pedreñari eta Castrori buruz ere. Biei laugarren kalea egokitu zitzaien, txarrena, eta larri ibili ziren aurkariei eusteko. Castroko «La Marinera»k, esaterako, minututik gorako atzerapena pilatu zuen eta azken txandan hondoa jo zuen erabat.

Zumaia, berpiztuta

Gainerakoan, Zumaiak lortutako laugarren postuak aipamen berezia merezi du. Larunbateko zailtasunak ahaztu eta, Xabier Eizagirreren esanetara, sekulako estropada egin zuen bigarren txandan hasieratik amaiera arte. Azkenean, ozta-ozta izan arren, Pedreñari eta Zarautzi aurrea hartu zien emozioz betetako bukaera batean. San Pedrorekin batera, traineru apalen artean ezusteko pozgarriena berek eman dute. Borroka, beraz, ziurtatuta dago hasieratik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo