Txapelketak Sanferminak
Barberena anaiak dira Nafarroako trontzalaririk onenak
Nazabalek eta Senosiainek, berriz, aizkolarien binakako herrialdeko txapela eraman dute, nahiz eta Larretxea eta Barberena gertu izan dituzten
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Barberena anaiak dira Nafarroako trontzalaririk onenak edo hori da, behintzat, atzo Iruñean erakutsi zutena. Jende asko batu zen Nafarroako hiriburuko Foruen enparantzan herri-kirol jaialdietako lehen egunean. Hasteko, gainera, herrialdeko lau final izan ziren.
Trontzako finala zen atzoko saiorik erakargarrienetakoa baina, azkenean, Barberenatarrek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten. Txapela lortzeaz gain, herrialdeko marka berria ere ezarri zuten, eta Euskal Herriko txapela lortzeko ere prest daudela agertu zuten. Bikote bakoitzak kana-erdiko bati hamalau epai eman behar zizkion etzanda, eta lau zutik. Txapeldunak hasieratik bukaearara izan ziren nagusi.
Aizkorbek eta Canok osatutako bikotea zen beren aurkaririk gogorrena baina, azkenean, horiek ere amore eman behar izan zuten. Lehen epaietan ahalegindu ziren txapeldunei eusten, baina txapeldunak apurka-apurka aldea handitzen joan ziren eta, amaieran, erlojuz kontrako saio bat egin zuten. Gauzak ez zitzaizkien gaizki atera, txapelarekin batera heldu baitzen marka berria ere.
8 minutu eta 26 segundo behar izan zituzten lan guztiak burutzeko, eta Aizkorbe-Cano sailkatu ziren bigarren postuan. 9 minutu eta 41 segundotan burutu zituzten beren lanak. Hirugarren, berriz, Urrutia eta Bertiz sailkatu ziren. 10.20 izan zen haien denbora. Irigoien-Telletxea eta Pikabea-Morrondo izan ziren laugarren eta bosgarren.
Aizkora
Sanferminetako lehen jaialdi honetan, Aizkolarien Binakako finala zen beste saio erakargarietakoa. Bertan, hiriko bi ziren nor baino nor, eta hutsune handi bat ere izan zen, Miel Mindegia ez baitzen bertan izan, hain justu ere. Ezkurrako aizkolari beteranoak min hartu zuen pasa den abenduaren amaieran, eta oraindik ez dago aizkoran aritzeko moduan. Bikote bakoitzak sei kana-erdiko, eta beste horrenbeste 60 ontzako moztu behar izan zituzten.
Nazabalek eta Senosiainek lortu zuten txapela, baina horretarako lana gogotik egin behar izan zuten, Larretxea eta Barberena oso gertu izan baitzituzten. Hasieran, Vicente eta Lopez ere gertu izan ziren, baina hauek atzeraka egin zuten, eta berehala geratu ziren txapelaren lehiatik kanpo.
Final horrek emozioz betetako amaiera izan zuen bi bikoteak oso parean izan baitziren azkeneko enborrean, baina amaieran Nazabalek eta Senosiainek irabazi zuten. 21.51 izan zen beren denbora.
Horiek amaitutakoan, Donato Larretxeak eta Joxejuan Barberenak erritmoa jaitsi egin zuten, normala den moduan, baina, hala ere, 17 segundora sailkatu ziren. Azken postuan geratu ziren Lopez eta Vicente eta horiek ia zazpi minutu gehiago behar izan zituzten lan guztiak bukatzeko.