Aizkora
Jexuxmari Lasak nahi bezala lortu du Gipuzkoako Bigarren Mailako txapela
J.L. | DONOSTIA
Ez zen ezusterik izan eta Jexuxmari Lasak jantzi zuen herenegun Gipuzkoako Bigarren Mailako txapela. Heldu den urtean, beraz, maila nagusian aritzeko modua izango du.
Sei aizkolari ziren finalean, eta bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituen. Lasa bigarren enborrean jarri zen lehen postuan eta nahi bezala eraman zuen txapela, minututik gorako aldea kendu baitzion bigarrenari. Bigarren postu horretarako, baita laugarrenerako ere, borroka handia izan zen.
Lasak irabazi zuen, beraz, txapela, eta 14.19 izan zen lortutako denbora. Mujika sailkatu zen bigarren eta 15.36 izan zen bere denbora. 15.39 izan zen Ugarteburuk egindako marka. Laugarren, Aierbe II.a izan zen, 16.45 eginda. Zubizarreta sailkatu zen bosgaren eta 16.50 izan zen bere denbora. Azkeneko postuan Mugertza II.a izan zen eta Mutrikuko gaztearen marka 16.54 izan zen. Ezustekorik gabeko txapela, esan bezala.