Laiaren diska berria kalean da, Bilbao BBK Liven jo ostean
«Izenbururik gabeko istorioak» da diskaren izena, gizarteari helarazten dizkioten salaketen bilduma bat, alegia. Metala eta popa nahasten dituzte eta Bilbao BBK Liveko publikoa poltsikoan sartu zuten. Mundu honetan urtebete eskas egin duten arren, bide luzea dute aurretik.
Ianire RENOBALES | BILBAO
Laia laukoteak 12 kantuz osaturiko diska berria kaleratu berri du. Baina beste hainbat taldek ez bezala, Bilbao BBK Live jaialdian jo zuten. Metallica edo Incubus bezalako artistekin batera izan ziren jaialdian. Publikoaren erantzun bikainak argi utzi zuen zuzeneko indartsua egiten jaun eta jabe direla.
Metala lantzen dute gehienbat, baina pop ikutuak ere badituzte. Bien arteko konbinazio paregabea sortu dute emaitza indartsuarekin. Estilo anitzeko diska da, euren burua ez dute espazio zehatz batean kokatu nahi izan. Askatasun kutsu batekin musika sortzea da berei gustatzen zaiena.
Taldea honakoek osatzen dute: Juanmi (ahotsa, gitarra eta pianoa), Igor (gitarra), Unax (baxua) eta Bernat (bateria eta ahotsa).
2006an bi abestiko maketa bat grabatu zuten eta izan zuen harrera ona ikusita, aurrera egitea erabaki eta hainbat zuzeneko eskaini zituzten.
Urtebete eskas daramate musikaren munduan; hala ere, Baga-bigako estudioetan hasieratik ikusi zuten proiekzio handia izango zutela. Horiek hala, harreman bikaina sortu zen bien artean eta 2006ko irailaz geroztik, elkarrekin egiten dute lan. Festa batean Laiaren zuzeneko bat entzun ostean, argi ikusi zuten taldearen maila. 2007ko otsaila eta martxoa bitartean grabatu zuten diskoa.
Gazteak izanik ere, disko heldu baten aurrean gaude. Juanmi hainbat taldetan ibilia da, ezagunenen artean Nok taldea dago. Esperientzia duen front-man batek gidatzen ditu.
Gizarteari 12 salaketa
Tankera guztietako kontuak aipatzen dituzte euren abestietan. Oro har, gogoko ez dituzten gaiei buruz aritzen dira: «Libre» izenekoan, tratu txarren gaia jorratzen dute eta «Gu gara albistea» kantan, Afrikako umeak gerrarako erabiltzen dituztela salatzen dute eta, horrekin batera, emakumeen eskubideak ahaztuta daudela ere bai. Egoera horiek deuseztatu nahi dituzte. Euren tresna: musika.
Baina letra guztiak ez dira gizartearen arazoei buruzkoak. Bernat, letra erromantikoez arduratzen da; maitasunari lekua uzten dioten abesti azkar eta naturalak sortuz. Bestalde, pianoa erabiltzen dute pare bat kantatan. Kolaborazioak ere badituzte, garrantzitsuena Lor taldeko abeslariarena (Lander), «Gu gara albistea» kantan.
Lehenik eta behin Euskal Herriko musikan errotu nahi dute, baina behin hau lortuta, nazioarteari so egingo diote gogotsu.