KANPOTIK
Izar handien papera betez
Gaizka LASA
(Karpin-Galicia)
Filme baten antzekoa izan zen atzokoa. Protagonista onak arazoak izan eta gero jokoz kanpo ematen zuen. Baina, azkenean, oztopo guztien gainetik garaile atera zen. Izar handiek hori baitute. Eta McEwenen distira beste behin atzo ikusi genuen. Canterburyko etapa ohikoa dena baino suspentse gehiago zeukan. Etsai gogorrak, abiadura eta tensioa ez ezik erorketa bat ere gainditu behar izan zuen heroi australiarrak. Hala, pelikularen amaieran sekuentzia ikusgarriak bizi genituen. Aurretik, tropel buruko zalaparta: denek aurrean egon nahi. Ezker eskubi txirrindulariak lehenengo postuetara salto egin nahian. Erdian geratzen diren zuloak betetzeko ukalondoen borrka. Aurrera eta atzera etengabe kolore desberdinetako mareak, nekagarria den mugimendu urdurian. Ezker aldetik bi pasa orduko, eskubitik beste hiruk egin dute aurrera, eta berriz ere postua galduta. Hamaika esprint egin behar izaten dira azkenekoa eta erabakiorra baino lehen. Eta halakoetan, tensioa eta batzuen burugogorkeria medio, erorikoak izaten dira. Atzokoan protagonista nagusiari tokatu zitzaion. Lurretik altxa orduko, ordea, erakutsi zigun zergatik den izar bat. Lehenengo azkar jaiki eta pedalei eman, eta gero minari erreparatu. Taldeko pinganilloa sutan zegoela, taldea lasaitasunarekin antolatu eta autoak pixkanaka aurreratu. Zenbat kilometro geratzen ziren neurtu eta tropel burura gehiegi lehertu gabe iristen jakin. Orain hauek biak aurreratu, gero gurpilean arnasa hartu pixka bat edateko. Horrela, azken kilometroan burura iritsi arte. Azkar baino zuhur, burua galdu gabe. Eta hori guztia nahikoa ez balitz, azken metroetan denak atzean utzi eta irabazi. Pelikuletan izar handiek oztopo guztiak gainditu eta lehergailuaren kablea azken segundoan moztea lortzen dute. Bada, antzeko zerbait egin zuen atzo McEwenek.