GARA > Idatzia > Herri-kirolak

SEGA Euskal Herriko Txapelketa

Faboritoek egin beharrekoak oso ongi egin dituzte

Ez da inongo ezustekorik izan finalerdietan eta Lapazaranek, Gabirondok, Goikoetxeak eta Ormaetxeak lortu dute finala jokatzeko txartela

Jon LEUNDA | BAIONA

Ez zen ezustekorik izan, eta aurretik iragarri zitezken kirolariek lortu zuten atzo segalarien Euskal Herriko finala jokatzeko txartela. Lapazaran, Gabirondo, Goikoetxea eta Ormaetxea izango dira aurrez aurre uztailaren 22an Pikoketan, eta han izango dute jokoan Euskal Herriko txapela, hain zuzen.

Atzo jokatu zituzten bi finalerdiak eta biak ere Pikoketan, Oiartzunen, izan ziren. Bi multzotan banatuta neurtu ziren, eta bakoitzak ordu erdia izan zuen lanerako. Gabirondo, Ormaetxea eta Arteaga ziren lehenengo finalerdian eta bi faboritoek egin zuten aurrera: Gabirondok eta Ormaetxeak.

Gabirondok pasa den igandean Gipuzkoako txapela jantzi zuen eta zaleek bazuten berriro ere bera ikusteko gogoa. Izan ere, Gazteluko segalari beteranoak ez zuen hutsik egin, bera izan baitzen multzoko onena, eta horrekin batera azken saiorako txartela ere beraganatu zuen. 2.741 kilo belar moztu zituen eta sailkapen orokorrean bigarren izan zen.

Ormaetxea zen lehiaketa horren hasieran irabazteko faboritoa, baina azkeneko bi saioren ostean kezka sortu du. Gipuzkoako finalean hirugarren izan zen eta, atzo finalerako sailkatu bazen ere, ez zaio ikusten orain dela aste batzuk zuen freskotasunerakin. Hala ere, atzoko helburua finalerako sailkatzea zen, eta hori lortu zuen Orendaingoak. 2.713 kilo belar moztu zituen. Arteagak sailkatzea oso zaila zeukan, aurrean zituenak ikusita, batez ere, eta Baliarraingoak agur esan behar izan zion lehiaketari, bera izan baitzen bere multzoan azkena.

Bigarren multzoan, Lapazaran, Gabirondo eta Alkorta lehiatu ziren eta Lapazaranek lortu zuen lehen postua. Bizkaitar bakarra zegoen finalaren atarikoan eta berak egindakoa izan zen atzoko markarik onena. Lan bikaina egin zuen eta amaieran 2.779,5 kilo belar moztu zituen.

Andoni Goikoetxea egungo txapelduna ere faboritoen artean zegoen, eta gazteluarrak ez zuen hutsik egin, horrek ere bere egin beharrekoa egin baitzuen, eta aurten ere txapelaren lehian izango da. 2.736 kilo moztu zituen berak.

Alkorta zen multzo honetan aukerarik gutxien zituen segalaria, eta asteasuarrak azkenean ezin izan zuen aurrera egin eta kanpoan geratu zen.

Final ederra

Finala hemendik bi astera jokatuko da eta lehia izugarria iragartzen da, sailkatu diren lauretatik edonork irabaz baitezake. Orain arteko lana ordu erdikoa izan da, baina azken egunean ordubetekoa izango dute, eta hor aldaketa handi samarra izan dezakete. Hala ere, lau finalistak maila handikoak dira eta ez dago faborito garbirik.

Bizkaitarra

Bost gipuzkoar eta bizkaitar bat ziren atzoko finalerdian, baina azken herrialde horretakoak moztu zituen belar kilorik gehien. Finalean berriro ere gipuzkoarrek izango dute gehiengoa, baina Lapazaran atzokoa errepikatzeko prest dago

kanporatuak

Sei segalari neurtu ziren atzo Pikoketan, Oiartzunen, eta horietatik bi ziren kanpoan geratzen zirenak: Alkorta eta Arteaga izan ziren. Hala ere, biek egin zuten lan ona, eta egindakoarekin gustura egongo dira, segur aski.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo