Los electos de ANV «están contaminados de dignidad»
Hirurogei urte luze igaro dira indar frankisten artilleriaren supean ANVko 300 militantek bizia galdu zutenetik. Faxistak Euskal Herrira sartu zirenean, Albertiako setioan eutsi zioten 300 euskal herritarrek erasoaldi bortitzari. Geroztik zazpi hamarkada joan diren arren, orduan egin zituzten lubaki sakonak bere horretan mantentzen dira; independentziaren aldeko borroka bezala. Hala, «atzoko eta gaurko gudariak» omendu zituzten Albertia Egunean.
Gari MUJIKA
Eguerdiko hamabiak jotzeko zirenean Albertiako gailurraren alboan ehundik gora lagun zeuden zain. Pagadi galantaren erdi-erdian bilduta zeuden; orain 70 urte bertan bizia eman zuten EAE-ANVko 300 militanteen balentria ahaztezin bilakatzen duen oroigarriari denak so. Baina, plaka hutsek baino, ahaztezin bilakatzen duena bertan bildu zirenen oroitzapena da. Euskal Herriko txoko askotatik hurbildu ziren, orain 70 urte bezala. Baina, oraingoan, gutxi batzuk ziren bertan, borrokan egondakoak; oraingoan, euren semeak, alabak, bilobak, ezagunak eta ezezagunak ziren.
Ekintzaileon balentria aitortu eta ohorezko aurreskua dantzatu ostean, ttipi-ttapa Albertiaren magaleko belardirantz abiatu ziren. Beheko zelaian, ordea, ehunka lagun zeuden esperoan; horietako askori, jada, ezintasuna gailentzen baitzaie. Zeruak goiz osoan zehar bekozko iluna azaldu bazuen ere, lagun aritu zen eta, zipriztin eskas batzuk salbu, giro ederra izan zen.
Bostehun lagun baino gehiago izan ziren txalapartaren deiadarrari erantzun eta zuhaitz adaxken babespean zegoen oholtzara inguratu zirenak. Dultzaina ere batu zitzaion txalapartari, eta bata bestearen atzetik etorri ziren Albertia Eguneko ohiko hitzaldiak.
Tontorreko omenaldian alderdiko idazkari nagusi Antxon Gomezek hartu zuen hitza eta ekitaldi politikoan EAE-ANVko presidente Kepa Bereziartuak hitz egin zien bertaratuei. Eta argi asko, gainera; jira-buelta gehiegirekin aritu gabe.
«Ez erreserbako indioak»
Ezin zitekeen bestela izan, eta iragana eta oraina elkarlotzen dituen adierazgarri saihestezinari eutsi zion Bereziartuak. Hauteskundeei, hain zuzen ere.
Alderdi ekintzaileak jasotako babes ikaragarria nabarmendu zuen eta hautetsi ekintzaileak «zintzotasunaren birusak kutsatuak» daudela gaineratu zuen. «Duintasunak eta lanerako gogoak daude kutsatuak, bere herriaren eta Euskal Herriaren alde lan egiteko nahiak kutsatuak. Eta egon ziur, bakar batek ere ez digula hutsik egingo; begira zer egin duten lehenbizikoz: euren soldatak jaitsi. Beste alderdietako hainbat ordezkariri tripako mina eragin diena! Badakizue eta, ogerlekorik gabe ez baitago poltronarik!», jarraitu zuen alderdiko presidenteak ehunka txaloren soinu artean.
«Atzoko eta gaurko gudariak» omentzea ziotzat zuen ekitaldian, «atzokoak» gogoratuz hasi zen Bereziartua eta, batik bat, bi pertsonarentzat izan zuen hizketaldia bereizia: Jose Placer eta Andres Gangoiti ANVko kideentzat. Biek ala biek frankisten eskuetan galdu baitzuten bizia.
Alderdi ekintzaileko Nazio Komiteko kidea eta gudarosteko komandantea lehena eta itsasontzi kapitaina bigarrena, biek Euskal Herriaren askatasunaren alde borroka eginez bizia galdu izana goraipatu zuen. Baina, berak esan bezala, ezin ahaztu «gaurko gudariak: Txabi Etxebarrietatik hasita, Roberto Saiz eta Igor Anguloraino».
Baina, segidan, izan zuen tartea ere Iñaki de Juana eta Arnaldo Otegi ere gogoan izatekoa. «Horietako inork ez du bere bizitzako ederrena, gaztetasuna eta askatasuna, alferrik galdu Espainian eroso bizitzeko, ezta erreserbako indio bilakatzeko ere!», gaineratu zuen ziur eta kemenez. Txalo zaparrada ere parekoa izan zen.
Albertiako gudaren erdian militante ekintzaileek oihukatzen zutena aldarrikatzeko gonbita egin zuen gero: «Oihuka dezagun ahalik eta sendoen, bai Puerto de Santamarian, baita Parisen ere argi asko entzuteko: ez dugu estatuturik nahi, ezta autonomiarik ere! Independentzia nahi dugu!».
Norabide horretan emandako aurrerapausoak, ordea, bestelako hizlari batek ekarri zituen gogora. Batik bat, independentziaren aukera ere jasoko lukeen markoa erdiestearren izan diren elkarrizketa eta negoziazio politikoen berri eman zuen; Batasuneko mahaikide Joseba Permachek hartu zuen hitza.
Uneotan, perspektiba
Negoziazio mahaian PNV eta PSOE erabakitze eskubidearen ukazioa eta lurralde zatiketa bere horretan mantentzeko elkarlanean aritu izana salatu zuen.
Negoziazio politikoa bertan behera gelditu arren, erabakitze eskubidearen eta lurraldetasunaren aldeko aldarrikapena nagusi dela gaineratu zuen. Gatazka gainditzeko aukerak bere horretan jarraitzen duela adierazi zuen eta azken hilabeteotako gertakarietatik ere irakaspen baikorrak jaso direla adierazteko, elementu baten beharra aldarrikatu zuen: perspektiba.
Nola ez, EAE-ANVk hauteskundeetan izandako emaitzak gogora ekarri eta alderdiak egindako «ekarpen politiko eta militantea» goraipatu zituen. Orain, marko demokratikoa eskuratzeko lanean segitzeko beharra nabarmendu zuen, «aurrera egiten ari garelako».
Permachek egoera politikoaz hitz egin zuen eta LABeko Txutxi Ariznabarretak nazio eraikuntza eta eraikuntza soziala parean egin behar direla esan zuen, baita sindikatu abertzalea horretarako bermea izango dela ere. Ahaztuak 1936-1977 elkarteko Martxelo Alvarezek, ordea, oroimen historikoaren eta oinarri demokratikoen defentsa egitearen beharra nabarmendu zuen bestelako gizarte bat sortzeko.
Omenaldia amaitu eta bazkarirako bidea hartzearekin bat, zuhaitz artean entzuten zen Mikel Laboaren ahotsak ondo aski jasotzen zuen egunaren zioa: «Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak...».
El presidente de ANV, Kepa Bereziartua, dijo que ninguno de los gudaris fallecidos en Albertia ni ningún otro «ha perdido lo más hermoso de su vida, su juventud y su libertad, por encontrarse más cómodos en España ni para ser un indio de reserva».
El mahaikide Joseba Permach aludió a la necesidad de tener «perspectiva» para extraer los elementos positivos de los últimos meses que, aunque las negociaciones se hayan irrumpido, han fijado el derecho de decisión y la territorialidad en el debate.
El miembro de la Ejecutiva Nacional de LAB Txutxi Ariznabarreta defendió la necesidad de trabajar de forma conjunta en la construcción nacional y en la construcción social del país. «Una simbiosis que debe ser permanente», subrayó.
Martxelo Álvarez, miembro de Ahaztuak 1936-1977, apuntó a la necesidad de establecer los valores democráticos que «siguen tan enterrados como cientos de cuerpos en las cunetas». Indicó que esa labor es «un combate por la democracia y la libertad».