GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroa «UPNren ardura» dela gogorarazi dio Del Burgok PPri

Madrilgo Erkidegoko presidente Esperanza Aguirre bera ere hasi da hizketan Nafarroako Gobernuaren osaketaren negoziazioen gainean -UPNren eta PSNren arteko «kontzentrazio gobernuaren» alde agertu zen-, eta Jaime Ignacio del Burgok ezinegona agertu zuen horregatik. Izan ere, Nafarroari buruzko gaiak UPNri bakarrik dagozkiola gogorarazi zion PPri.

IRUÑEA

Sanferminak sanfermin, Nafarroako Gobernuaren osaketaren gaineko iritziek ez dute atsedenik hartu. Madrilgo Erkidegoko presidente Esperanza Aguirre (PP) ere mintzatu da auziaz, UPNk eta PSNk «kontzentrazio gobernu bat» osatu beharko luketela esanda. Ez zaizkio gehiegi gustatu adierazpenok Jaime Ignacio del Burgori, bere alderdiaren «negoziaziorako posizioa ahultzen» dutelakoan.

«Niri ez lizaidake gaizki irudituko UPNk eta PSNk elkar ulertzea eta elkarrekin gobernatzea, presidentea sozialista izanda ere. Posible ikusten dut», agertu zuen Aguirrek «El Mundo» egunkariak atzo kaleratutako elkarrizketan. Eta jarrera hori defenditzearren, Angela Merkelek Alemanian halakorik egin duela gaineratu zuen, «kontzentrazio gobernu nazionala abian jartzeko» gaitasuna erakutsita.

Madrilgo Erkidegoko lehendakariaren hitz horiei erantzun nahi izan zien UPNko diputatu Jaime Ignacio del Burgok, «lekuz kanpokoak eta zuhurtzia gabeak» direla argudiatuta. Izan ere, bere aburuz, halakoek UPNren, «boz gehien lortu zituen alderdiaren, negoziatzeko jarrera ahuldu» baino ez baitute egiten.

Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, alderdi horretako buruzagiak esan zuen Aguirrek bere «adeitasun eta miresmen guztia» merezi duela, baina Nafarroari buruzko kontu denak UPNri dagozkiola gogorarazi nahi izan zion. «Berea da erantzukizun osoa», nabarmendu zuen Del Burgok. Eta Alderdi Popularreko Madrilgo ordezkariak Alemaniaren adibideari egindako erreferentziaren gainean ere hitz egin zuen, gauzak argitu nahian-edo. «Han kontzentrazio gobernua osatu zuten eta funtzionatu egin zuen, baina lidergoa Merkelentzat izan zen, boto gehien eskuratu zituenarentzat», bota zuen.

Hori guztia dela-eta, «zuhurtzia, neurria eta lasaitasuna» eskatu zituen, baita «errespetua» ere «UPNren burujabetzarekiko. Berak izan behar baitu negoziatzailea».

«Ez da posible»

UPNk Diputatuen Kongresu espainolean duen ordezkariak Iruñeko Gobernua eratzeko egiten ari diren negoziazioen inguruan mintzatu ahal izateko tental-diari ere ez zion eutsi, nahiz eta sanfermin jaiek atsedenaldi-txoa ekarri duten elkarrizketa horietan. Bere iritzian, «eguna joan eta eguna etorri» ikusten ari da PSN ez dela gai NaBai koalizioarekin eta Nafarroako Ezker Batuarekin adostasuna lortzeko. Horren arrazoia, gai-nera, oso argi dauka: «Guztiek ideologia ezberdinak dauzkate, programa ezberdinak eta helburu kontrajarriak».

«Ez da posible akordiora iristea espainola izateari utzi nahi dion eta Nafarroa Euskadiren barruan sartzea nahi duen hori eta justu aurkakoa pentsatzen duen beste bat», bota zuen Jaime Ignacio del Burgok.

Bere esanetan, «gobernu bat ez da bakarrik programa». Eta baieztapen hori sendotzeko, azaldu zuen legegintzaldi be- rri honetan aurreikusi gabeko «hainbat gai» agertuko direla gobernu egitarauan, «eta ezin izango dituzte konpondu eta gainditu».

Gobernuaren beraren osaketak, hain zuzen, gelditu zituen lehengo astean negoziazioak, Nafarroa Bai eta NEB ez baitziren ados exekutiboak dituen hamabi sailetatik bederatzi kontrolatzeko PSNren asmoarekin. Horrenbestez, Fernando Purasek ez du oraindik babesik presidente izateko.

Hala ere, ostegunean hiru taldeek borondatea erakutsi zuten hizketan jarraitzeko. Eta denbora egon badago oraindik, hilaren 16 edo 17 arte ez baitu hasiko Legebiltzarreko presidente Elena Torresek hirugarren eta azken kontsulta txanda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo