GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Belen Arrondo, Amaia Burgoa, Endika Rodriguez, Jon Moņux STEE-EILASeko kideak

Zapore gazi-gozoa EAErako curriculumean

Argi esan beharra dago hasieratik LOEren egokitzapen baten aurrean gaudela, erkidego autonomoek curriculumaren %45 arau baitezakete, soilik, nahiz eta EAEk Hezkuntzako eskuduntza osoak eduki

Lehenik eta behin curriculumaren zirriborroaz ari garela adierazi behar dugu; beraz, lerro hauek behin-behineko balorazio labur gisa hartu behar dira. EAEko Hezkuntza Sailak aurkeztu duen oinarrizko heziketarako curriculumak zapore gazi-gozoa du, zenbait ataletan aurrerantz urratsak egiten badira ere, beste hainbatetan hutsune nabarmenak sumatzen dira eta.

Ikastetxeetatik eta sindikatuen aldetik eztabaidan partaidetzarik eza izan da hutsune horietako bat. Honekin batera, ikasturte amaiera honetan presaka eta korrika aritzea da bestea. Uztailean gaude eta oraindik ez dago indarrean. Nola bermatuko da bere ezarpen egokia prestakuntza eta aurreikuspenik gabe? Gutxi al da lehendik ere sortu duten nora eza ikastetxeetan?

Bestalde, harrigarria da Haur Hezkuntzaz ezertxo ere ez jasotzea, Erkidego honetan, Estatuan ez bezala, haurren ehuneko ia ehuna eskolatua dagoela jakinik. Nola gauzatuko da adin ezberdinen artean egon behar duen heziketa koherentzia? Guretzat, funtsezkoa da lotura hori Haur Hezkuntzarekin ere bermatzea, Lehen eta Bigarren Hezkuntzaren artean bezalaxe.

Edukiaren ildo nagusiei buruz, hasieratik LOEren egokitzapen baten aurrean gaude, erkidego autonomoek curriculumaren %45 arau baitezakete, soilik, nahiz eta EAEk Hezkuntzako eskuduntza osoak eduki.

Bestetik, inon ez da jasotzen memoria ekonomikorik edo finantzaketa planik eta, horren ondorioz inon ere ez da agertzen irakasleriaren gehikuntzarik ez aniztasunaren trataerarako, ezta hizkuntza normalkuntza suspertzeko, besteak beste. Hezkuntza Sailak orain arteko baliabideekin ipini nahi al du curriculum berri hau martxan? Berriro ere irakasleriaren bizkar gainean erori behar al da motxila osoa?

Dekretu zirriborroan bada beste gai kezkagarri bat. Oinarrizko heziketaz ari den arren, lan munduarekiko kutsua du, alegia, sarritan azaltzen dira enplegua, bizitza aktiboa edo laborala eta antzeko aipamenak. Ez al da susmagarria adin hauetaz ari garenean enpresa munduko hiztegiaz mintzatzea? Oinarrizko hezkuntza orokorrerako curriculum berria enpresa munduari begira ote?

Antolakuntzarako autonomia aztertzerakoan, guztiz zalantzagarria da ordutegi eta egutegiak gehitzeko ahalmena dekretu honetan azaltzea. Berauek lan baldintzetan eragin zuzena izan dezaketen neurrian, eragile sozia- lekiko negoziaketa esparruan kokatuta beharko lukete. Ratioak jorratzen direnean, onartezina da egungo egoera baino okerragoak izatea, hau da, 30 ikasle DBHrako. Dekretuan jasotzekotan, oraingo ratioak islatu behar dira edo bestela, hobeak.

Erlijioaren atala aztertu aurretik, gogora ekarri behar da ikasturte honetan helegite bat aurkeztu genuela LOEren aurka epaitegietan. LOEn zein curriculum dekretu honetan ere, erlijioa ikastetxeetan txertatzearen aurka gaude. Eskolak esparru laikoa izan behar du eta hain zuzen ere, edozein doktrinamendu xedeetatik babestuta. Curriculumean badira beste hainbat arlo erlijioen historia eta beren eragin kulturala jorratzeko, berariazko saiorik eskaini gabe. Erlijioa, azken batean, familia edo norbanako sinesmen pribatuari dagokio eta ez esparru publikoari.

Beste elementu kezkagarriak ebaluaketak eta diagnostikoak dira. Izan ere, batzuek eta besteek izan dezaketen eragin publikoa guztiz kaltegarria izan daiteke eta, baldin eta orain artean egin ohi den bezala, ikastetxeak sailkatzeko erabiliak badira. Ebaluaketa onuragarria da, proiektuak berbideratzeko, praktikatik irakaspenak ondorioztatzeko, ahuleziak identifikatzeko eta abar, baina emaitza horiek sakoneko errealitateak estaliz komunikabideetan marketing gisa erabiliak badira, jai daukagu. Nolako bermeak izango dira hori ekiditeko, dekretu batean ateak zabalik utzi ondoren? Noiz kaleratu dira emaitza akademikoekin batera, ikasle batzuen eta besteen arteko maila sozio-ekonomiko zein kulturalen ezberdintasunak? Zein tokitan abiatzen dira ikastetxe edota ikasle guztiak abiapuntu beretik? Beraz, bai ebaluaketa aberasgarri eta laguntzaile bati, baina erne ebaluaketen erabilera maltzurrekin. Hori dela eta, Hezkuntza Sailari ardura handiz joka dezala eskatzen diogu.

Hiritartasunerako heziketaren arlora iritsita, giza eskubide eta baloreetan heztea betidanik zehar lerro gisa sustatu dugu. Baina oraingoan hori ezinezkoa izanik, giza eskubideak, aniztasuna, berdintasuna, elkartasuna, elkarrizketa eta abar arlo gisa jorratzearen alde agertuko gara, noski. Hain zuzen ere, ikuspegi laiko baten begirada aldarrikatzen dugu hezkuntzarako, etika zein baloreak ez baitira Eliza katolikoaren jabejoa. Arlo honek, ordea, badu bere baitan beste eztabaida sakon bat, euskal gizartean ematen den berbera, alegia, egungo marko juridiko politiko eta legediari buruzkoa. Horra hor galdera: Gazteek ez al dute eskubiderik Konstituzioak euskal gizartean izan zuen babes eskasa jakiteko?

Hala ere, esandakoaz gain, ongi deritzogu curriculumaren zutabeak oinarrizko gaitasunetan eusteari eta ez edukietan. Izan ere, bat gatoz finkatzen diren erreferentziazko sei hezkuntza-gaitasunekin: bizitzen ikastea, ikasten eta pentsatzen ikastea, elkarren artean komunikatzen ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea, pertsona gisa garatzen ikastea, eta egiten eta ekintzailea izaten ikastea. Bat egiten dugu baita errealitate eleanitz batean euskarari ematen zaion lehentasunezko izaerarekin ere, egoera diglosikoari aurre egiteko ezinbes- tekoa ikusten baitugu.

Halaber, ados gaude EAEn curriculuma oinarrizkoa eta ofiziala izatearekin. Beste kontu bat da egungo marko juridiko politikoa aintzat hartuta, nolako erabilera izan dezakeen Euskal Herriko beste lurraldeetan. Ildo honetan, Nafarroan zein Iparraldean tokian tokiko egokitzapenak egin ondoren, hainbat ikastetxek erreferentziatzat har dezakete.

Amaitzeko, zera esan dezakegu, batetik, berrikuntzarako ikuspegi onuragarriak eduki badauzkala, baina bestetik, alde ilun ugari ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo