Lakuak laguntza zuzenak eskatu ditu familientzat
Haurrak jaio edota adoptatzeagatik Madrilgo Gobernuak agindutako laguntzek zuzenak izan behar dutela esan zuen atzo Joseba Azkarragak, baita zerga sistema albo batera utzi behar dela. Era berean, diru laguntzak soilik eskainita, neurriak hanka-motz geratuko direla azaldu zuen.
GARA | BILBO
Iragan astean, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernu espainoleko presidenteak jaiotzen den edota adopzioan hartzen den haur bakoitzagatik 2.500 euroko diru laguntza iragarri zuen, zerga sistemaren bidez egikarituko dena. Lakuako Justizia, Lan eta Segurtasun Sozialeko sailburuak, Joseba Azkarragak, laguntzok zuzenean eman behar direla esan zuen atzo, zerga sistema albo batera utzita. Izan ere, Azkarragak azaldu zuenez, Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak zerga sistema berekiak izanik, «ez litzateke aplikagarria izango neurria» lau lurraldeetan. «Beharrezkoa da zuzenean egitea, herritar guztiek, baita Euskal Autonomia Erkidegokoek eta Nafarroakoek ere, aukera izan dezaten», adierazi zuen.
Lakuak familia sustatzeko neurriak orain «urte asko» jarri zituela martxan gogorarazi zuen Azkarragak; izan ere, kontuan izan behar da, laguntza zuzenei dagokionez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek lehen haurragatik 400 eta 900 euro arteko laguntza jasotzen dutela; 1.500 euro bigarrenagatik; eta 6.000 hirugarrenagatik. Nafarroan ia 2.000 eurokoak dira laguntzak hirugarren eta ondorengo seme-alabengatik.
«Hanka-motz geratuko dira»
Baina laguntza zuzenak ez ezik, bestelako neurriak ere abian direla gogorarazi zuen Azkarragak, eta «familia eta lan arloak uztartzeko gaiekin eta haurtzaindegietako zaintzarekin zerikusia dutenak» adibide jarri zituen. Azkarragak komenigarri jo zuen Zapateroren Gobernuak «familia arloan plangintza globalak eta integralak aztertzea»; izan ere, bere esanetan, laguntza zuzenak garrantzitsuak badira ere, «hanka-motz geratzen dira»; bestelako neurririk abian jartzen ez bada, behintzat. «Ez bada familia eta lan arloa uztartzeko ezertxo ere egiten, laguntza zuzenak ondo datoz, baina ez dute hori baino gehiago ematen», adierazi zuen Lakuako sailburuak.