GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baxu, altu, zorrotz, apal... Nola hitz egiten duzu agunerokoan?

 

Maider EIZMENDI

Tinbre finekoa da batzuena, finegikoa burua lehertu beharrean duzun egunetan, batez ere; baxua, berriz, besteena, monotono sarrama ere gerta daitekeena. Ozen hitz egiten du zenbaitek, bozgoragailu bat irentsi balu bezala; baxu beste batzuek, eta entzuteko komeria ederrak ematen dituzte.

Ahotsa kolore anitzekoa da oso, pertsonala. Poztasun ugari eman dezake, kantuan aritzeko abilidadea dutenei batez ere, baina ondoez eragile ere bada, gero eta maizago, gainera. Iraskasleak dira ahots kontuetan arazo ugarien dituztenak. Datuek diotenez, irakaskuntza arloan jarduten dutenen artean %62 inguruk ahots arazoak dituzte eta gehienek, %42k, disfonia funtzionala dute, hau da, ahotsaren erabilera egokia egiten ez dutelako dituzte arazoak.

Horretaz jabetuta edo, Hik Hasik antolatu dituen Udako Topaketa Pedagogikoek tartea egin diote «Ahotsaren erabilpen egokia» izenburuko ikastaroari. Bertan izena eman dutenen artean gehienak irakasleak dira, baina badira ere bai, aterpetxeetan gaztetxoekin lan egiten duten profesionalak ere. «Haurrekin eta batez ere espazio handietan jarduten duten pertsonek ahotsarekin arazoak izaten dituzte maiz». Hori azaldu du ikastaroaren arduradun Jaione Txapartegi Aransgiko logopedak. Kontuan izan behar da, gainera, zenbait lanbidetan, irakasleenean edota esatari diren pertsonen artean, ahotsa lehen mailako tresna dela. Lan-tresna zaintzeko, teknika egokiaz jabetzea ezinbestekoa da; hori irakatsi nahi izan du Txapartegik. «Teknika egokia baliatzea da arnasketa eta tonu egokiak erabili eta ahots proiekzio egoki bat lortzea; hau da, garrantzitsua da betiere ahotsa ez bortxatzea, hortik baitatozte arazorik gehienak», azaldu du.

Haurrek gero eta kalte gehiago

Helduengan eragiten duten arazoak ez ezik, azken urteetan ahotsaren erabilera desegokiak eragiten dituen kalteak haurrengan ere hasi dira nabarmentzen. Txapartegiren esanetan, horretan zeresan handia dute telebista bidez igortzen dituzten ereduek, «beti builaka...». Izan ere, egun «sssss... baxu hitz egin» gisako eskaerak gero eta gutxiago entzuten dira batean eta bestean. «Isiltasuna gero eta gutxiago apreziatzen dela dirudi», esan du. Imitazioz jarduten dute nagusiki txikienek, eta horiek hala, euren ahotsa modu egokian baliatzen irakasteko modurik aproposena, eurei zuzentzean, modu berean aritzea da.

Baina nola erabili ahotsa modu egokian, argiro zer den eta nola funtzionatzen duen ez badakigu? Horixe da, hain zuzen, ikastaroaren xedeetako bat, ahotsa bera zer den ezagutzea. Intentsitatea, tinbrea eta tonua zer diren azaldu die Txapartegik parte-hartzaileei eskolan, eta bereizteko zer hobe, bata eta bestea praktikan jartzea baino. Hala, parte-hartzaileek tonu apalean eta zorrotzean egin behar izan dituzte saialdiak, lotsak tarteko bateren bati nahiko ahalegin eskatu badio ere. Bat ez da tonu apalean irakurtzeko gai, bestea ez apalean eta ez zorrotzean; eta tartean bada bata eta bestea argiro bereizi dituena exajerazioaz baliatu bada ere.

Hobekiago asmatu dute ahotsaren intentsitatea lantzen. Nolabait esateko, intentsitatea bolumenaren parekoa da. Lehenik eta behin, ikastaroko parte-hartzaileek baxu, oso baxu, irakurri behar izan dute, eta ondoren gauza bera, ia oihuka. Ariketa horretan, dexentez hobeto moldatu dira, oihu egiteko horretan, batez ere. Tinbrea bera azaltzea nekezagoa da, azken batean tonu eta intentsitate bereko bi ahots bereizten dituen hori da, pertsona baten ahotsa ezaugarritzen duen hori.

Txapartegiren esanetan, oinarrizkoa da nork bere ahotsa ezagutzea eta dituen aukera eta baliabideen jakitun izatea. «Askotan ez gara jabetu ere egiten zergatik baliatzen dugun tonu bat edo bestea, eta ez gara ohartzen ahotsa maiz bortxatzen dugula, orduan eta arazoak sortzen diren artean», esan du. Ikastaroan, hausnarketa eragin, ikuspegi teorikoa landu eta praktikorako lehen pausoak eman dituzte, baina ahots teknika egokia barneratzeko errepikapena da biderik egokiena. «Gero nork bere etxean jardun beharko du ikasitakoa lantzen, bere ahotsak eskaintzen dizkion baliabide eta aukerak deskubritzen».

Erlaxatuta egotea funtsezkoa da

Baina izan da gehiago ere. Erlaxatzeko gaitasunak eta arnasketak berebiziko garrantzia dute ahotsaren erabileran, horregatik ikastaroan bertan arnasketa ariketak eta erlaxazioa landu dituzte. «Aurpegia bera gihar ugariz osatua dago eta horiek erlaxatuta izatea ezinbestekoa da ahots garbia izateko», esan du. Aldi berean, alde psikologikoak ere zeresan itzela du: «Estresatuak edota deprimituak bagaude, arnasketa erritmoa bera aldatu egiten dugu, eta ondorioz, ahotsa ere bai». Behe arnasketaren garrantziaz mintzatu zaie Txapartegi, baita postura egokiak mantetzeaz ere. «Maiz, batez ere oihu egitean, lepoa luzatzen dugu, edota haurrei mintzatzean makurtu eta okertu egiten gara, eta horrela zail izaten da ahots teknika egoki bat mantetzea», esan du.

Modu inkontzientean era egokian hitz egitea da gakoa, baina hartuak ditugun ohitura kaltegarriei konponbidea ematea zail izaten da. Ariketa egokia da, ordea, zer esaten dugun ondo pentsatzeaz gain, horiek esateko dugun moduaz ere hausnartzea; egin proba!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo