GARA > Idatzia > Ikusmira

Europako diru-laguntzak ez dira beti nekazaritzak dituen premiak asetzera iristen

Europar Batasunak nekazaritza babesteko banatzen dituen diru-laguntza guztiak ez dira kasu guztietan nekazarien eskuetara iristen. Ez behintzat premia handiena dituzten nekazaritza-ustiaketetara. Europako Batzordeak zein Iruzurraren kontrako Borrokarako Europako Bulegoak egindako bi txostenak ikusita, esan daiteke Europar Batasunak banatzen dituen diru-laguntzak, askotan, iruzur egiteko tresna bilakatu direla. Zehazki, aipatu bi erakundeen arabera, iaz, Europar Batasuneko estatuetan, 1.144 milioi euro galtzea eragin dezaketen 12.000 «irregulartasun» salatu zituzten. Diru hori, nekazaritza ingurua eta bizimodua desagertzea ekiditeko EBean erabakitako diru-laguntzetatik kendu dute. Horrenbestez, toki askotan hil zorian dagoen sektore ekonomikoak, ez ditu jasotzen bizirauteko ezinbestekoak dituen diru-laguntzak, banaka batzuek poltsikoak diru publikoarekin ondo betetzen dituztelako. Lehen sektorea funtsezkoa da edozein gizarterentzat. Hori dela-eta, Europako estatu guztiek ederki borrokatzen dute haien nekazaritza-ustiategiak mantendu ahal izateko. Helburu horri begira egiten diren ahaleginak interes partikularrak asetzeko erabiltzea delitu larria da, eta Europako erakundeek, iruzurrak arreta handiz kontrolatzeaz gain, gogor zigortu behar dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo