GARA > Idatzia > Kultura

Van Goghen «Galsoroa eper batekin» margolana ikusgai dago Bilbon

Natura maite izan zuen eta margolan honetan argi adierazten du, hain zuzen. Hil baino hiru urte lehenago margotu zuen bere ibilbideko artelan garrantzitsuenetarikoa. Miresmen handia sortzen du erakusten den lekuetan; agian, non pintatu zuen inoiz jakingo ez delako.

Ianire RENOBALES | BILBO

Vincent Van Goghen (Groot-Zundert, Herbehereak, 1853- Auvers-sur-Oise, Estatu frantsesa, 1890) «Galsoroa eper batekin» (Wheatfield with a partridge) margolanaren aurkezpena egin zuten atzo Bilboko Arte Ederretako Museoan. Egilearen artelan garrantzitsuenetarikoa da hau eta «Obra Gonbidatua» programaren barruan sartu dute.

Proiektu hori 2001ean abiatu zen eta 2004tik aurrera Santander Central Hispano Fundazioak babesten du. Horren helburua hainbat artelan ekartzea da publikoari artea hurbiltzeko asmoz. Horrekin, bildumetan dauden egileen ideiak zabaltzen eta sekula erakutsi gabeko egileen ikuspegia erakusten saiatuko direla jakinarazi zuten antolatzaileek. Oraingoa hemeretzigarren edizioa da eta irailaren 30a arte izango da ikusgai museoaren eraikin zaharreko hall-ean.

Amsterdameko Van Gogh Museoak utzitako obra da hau eta ikusle eta jarraitzaile asko ekarriko dituela espero dute.

Margolariak gehien irudikatu zuen gaietako bat gari zelaiak dira. Margolan hori, Herbehereak utzi eta Parisera joan ostean pintatu zuen. Bidai hori egin eta gero, gai honi buruzko serie bat margotu zuen.

Ideia artistiko berriak

1886an heldu zen artearen hiriburu dinamiko horretara eta inpresionistekin izan zuen harremana lehen aldiz. Ordura arte kolore ezezagunak zituenak aurkitu zituen eta, horrekin batera, ideia artistiko berriak, besteren artean, Toulouse Lautrec eta Paul Gauguin artista gazteak ezagutzean. Berritasun horiek aldaketa ekarri zuten bere paletara eta teknikara.

Memento hartan, Van Goghentzat interesgarriena erretratuak ziren baina arazoak izan zituen modeloak aurkitzeko orduan. Traba hori zela-eta, koloreetan sakontzea premia bihurtu zuen. Sekula ez zion uko egin baserri giroko paisaiekiko mirespenari; hala, hiriburuaren inguruko guneetara alde egiten zuen maiz. Montmartreko muinoa eta Sena ibaiaren iparraldea margotu izan zituen behin baino gehiagotan. 1887ko udan, ez da zehazki jakiten Parisko inguruetatik nora joan zen «Galsoroa eper batekin» pintatzera.

Margoak 65,2 x 53,7 zentimetro dimentsioa du. Erabili zuen pintzelada nahiko esanguratsua da, nahiz eta margolaneko testuinguru panoramikoa saihesteko modua ez zen izan bere ezaugarri esklusiboa. Konposizioa oso sinplea da; hiru gune horizontaletan dago eraikita: lurzorua, galsoroa eta zerua.

Bi elementu nabarmentzen dira: eperra, hegan hastear dagoela iradokitzen duena, eta zelaiaren ertzean sakabanatuta ageri diren mitxoleta gorriak. Erdialdean, uhin forman, dauden zurtoinek (ezkerrerantz okertuak) lur zatiaren monotoniarekin apurtzen dute eta galtzu puntazorrotzek (eskuinerantz orientatuta) kontrastea egiten dute zeru zabalarekin. Pintzelada horizontalekin margotuta dago mugimendu sentsazioa sortaraziz.

ZERGATIK ZELAIAK?

Van Goghek bere ibilbide artistikoa hasi zuenean, zelaien zenbait marrazki egin zituen eta garia kulunkan pintatzen zuen. Denborarekin, ereitearen eta bilketaren etengabeko zikloa bizitzaren eta heriotzaren metafora bihurtu zen harentzat.

Fitxa

Lekua: Bilboko Arte Ederretako Museoa, Mogrovejo Atartea.

Data: Uztailaren 9tik irailaren 30era

Antolatzailea: Bilboko Arte Ederretako Museoa, Santander Central Hispano Fundazioaren babesarekin

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo