Langile bat hil da Mugerren traktore bat bere gainera erorita
Hogeita bat urteko gazte bat hil zen atzo Mugerreko Krupski lantegian gertatu zen istripu batean. Langilea berotegietan traktorearekin lanean ari zela ezpondara erori zen eta gailua gainera erori zitzaion. Abadiñon beste langile batek zauri larriak izan zituen.
GARA | BAIONA
Hogeita bat urteko gazte bat hil zen atzo goizean bere traktoreak azpian harrapatuta. Istripua Mugerreko Krupski lantegian gertatu zen goizeko 8.00ak aldera. Enpresak Telleria auzoan dauzkan berotegietan traktorearekin lanean ari zelarik ezpondara erori eta gainera etorri zitzaion gailua eta gaztea lehertu zuen.
63 pertsona hil dira aurten Euskal Herrian bere lanpostuan. Batez beste, langile batek hiltzen da hiru egunetik behin.
Bestalde, langile batek zauri oso larriak izan zituen atzo goizean Abadiñoko Torreburu kaleko enpresa batean lanean ari zela. Langilea, 49 urteko E.A.G. gizonezkoa eta Durangoko auzokidea da. Kamioien lubaki batean erori zen 8.00ak aldera, DYAk eta Ertzaintzak jakinarazi zutenez. Zauritua Galdakaoko ospitalera eraman behar izan zuten.
Hain zuzen, joan den astean Lakuako Gobernuak aurkeztu zuen Lan Segurtasun eta Osasun Planak sindikatuen kritika gehiago jaso zituen atzo. CCOOren arabera, Lakuak ez du sindikatuen parte-hartzea bilatu eta, horregatik, Planak «konfiantza gutxi ematen du «adostasuna bilatzeko Enplegu Sailak ez duelako bilera ofizial batera ere deitu». PPren jarrera gogoratuz, CCOOk «ezkutuan egin dituen bileren aktak» argitaratzeko eskatu zion Joseba Azkarraga Enplegu sailburuari.
Bere aldetik, Azkarragak hainbat hilabetez sindikatuekin eta enpresaburuekin elkarrizketak izan zituela esan zuen eta, ondorioz, «oinarrizko hitzarmena» lortu zela esan zuen. Kritikak ordezkaritzaren gehiengoak aldatu izanari egotzi zizkion.
Aurreko astean ELAk eta LABek ere Plana «orokorregia, eragin gabekoa eta asmo txikia zuela» esan zuten.
Lapurdin atzo gertatuko istripuaren ondoren, orotara 63 pertsona hil dira aurten Euskal Herrian lanean ari zirela. Kopuru hori iazko parekoa da eta, batez beste, hiru egunetik behin langile bat hiltzen da.