GARA > Idatzia > Txirrindularitza

KANPOTIK

Euriak sortzen dituen buruhausteak

Gaizka LASA (Karpin-Galicia)

Betaurrekoei dena argiago ikusteko erabiltzen diren laranja koloreko kristal horiek jarri arren, ikuspegia gero eta ilunago agertzen da txirrindulariaren begietara atzo bezalako egun batean. Izan ere, begientzat iluntasuna dena buruarentzat kezka, urduritasuna, mehatxua eta ezkortasuna ere badira zenbait txirrindulariren kasuan. Zerura begiratu eta euritara zoazela jabetzen zara, erremediorik gabe, inpotentzia nabarituz. Umorea petraldu eta belarriak tente jartzen dira lehen itoginak jasatean. Zalantzak hartzen zaitu orduan. Hain zuzen ere, bihurgune bakoitzean galgei noiz eta zenbat eragin erabaki beldurgarria izaten da. Bizikleta etzaten hasi orduko burura oroitzapen txarrak datoz. Tubularrak lehorrean ibiltzeko haizatuak izan direla ezin burutik kendu, eta olio orbanak ez dauden tokian ere ikusten dira. Aurrekoarekiko tarte handiagoa uztea edo ez bestea. Hurbilegi joatea tensio iturri handiegia, eta urruti bagoaz, esfortzu handiagoa egin behar, errotonda, bidegurutze edo edozein bihurgunetatik irteterakoan batez ere. Kanpoko freskotasunaren eta barruko suaren kontrasteak, berriz, betaurrekoaren beirak lausotzen ditu. Ez, noski, ez ikusteko adina, baina bai deserosotasun bat gehiago gehitzeko. Baina kentzen baditut aurreko gurpileko zipriztin guztiak, begiak erdi itxita eramatera behartuko naute. Txalekoa, zira edo ezer ere ez jartzea zer den hobea ere ez da ziur jakiten. Hau egiten badut, agian ito egingo naiz, eta bestela, baliteke hoztea. Eta bitartean, lasterketa ere urduritzen hasten da. Tensio giroa sortzen da. Bat-batean denak urduri, denak aurrera joan nahi, lasterketa erabakitzen ariko balitz bezala. Arrazoirik gabeko balaztadak, oihuak eta alde baterako zein besterako zabuak. Eta noski, abiadura bizitu egiten da. Eta dena zergatik? Euria ari duelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo