GARA > Idatzia > Athletic

Hauteskunde kanpaina

Urkijok Ercorecaren lana goraipatu du bere agurrean

Talde zuri-gorriaren presidente izatea ohorea izan dela esan du, eta bazkideei osteguneko hauteskundeetan bozkatzeko dei egin eta ardura eskatu die

Ander GARTZIA | BILBO

Bederatzi hilabeteko agintaldiari bukaera emateko eta guztiak agurtzeko asmoarekin antolatu zuen atzo Ana Urkijok Ibaiganen komunikabideekin gosaria. Bertan, guztiak agurtzeaz gain, eskerrak eman zizkien azken hilabeteetan Athleticen alde egin duten guztiei. Memento gogorrak bizi izan dituela aitortu zuen eta ez zuen inorekin ahaztu nahi izan azken prentsaurrekoan.

Mementoa aprobetxatu eta hauteskundeetarako egun gutxi falta direnean, aipamen berezia egin zion Juan Carlos Ercorecari, bere ondoan Athleticek izan duen krisi handienetakoan egindako lanarengatik eta emandako laguntzagatik.

Ercorecak Athletici eskainitako orduak eta lana goraipatu zituen Kudeaketa Batzordeako presidenteak, eta memento zailetan presidenteordeak klubaren gestioan egindako «lan eraginkorra eta fidela» nabarmendu zituen. Bere garaian bien arteko harremanak ez zirela onak entzun izan zen, baina atzoko agurrean Urkijok presidenteordea bere ondoan egon izana nabarmendu zuen. Athleticen unerik latzenetako batean lan handia egin duela gogorarazi zuen.

Zuzendaritza Batzarrari ere eskerrak eman zizkion aurtengo denboraldiko erronkan erakutsitako ausardiagatik. Hala ere, guztien gainetik bazkideei jarrera eskertu zien San Mames zelai berriaren inguruan egindako biltzarrean emandako baiezkoagatik.

Eskerrak banatzean, ez zen zaleez ahaztu, eta memento zailenetan horiek erakutsitako «babesa eta heldutasuna» eskertu zituen. Honakoa adierazi zuen: «Athleticek zale eta peña ugari du leku guztietan, eta haiek dira klubaren handitasunaren erakusle».

Une erabakigarria

Uztailaren 12an egingo dituzten hauteskundeetan parte hartzeko deia egin zien bazkideei. «Athleticek memento erabakigarriak bizi ditu, eta funtsezkoa da klubarentzat bazkideok ostegunean bozkatzea», adierazi zuen. Hauteskunde horiek egonkortasuna berma dezaketela azaldu zuen, bere ustean ezinbestekoa baita klubaren etorkizunerako.

«Athleticek gobernagarritasuna behar du datozen lau urteetan gauzak ondo egiteko. Uztailaren 12ko hauteskundeetan aukeratutako presidenteak eta Zuzendaritza Batzarrak guztion babesa behar dute proiektuak behar bezalako arrakasta izan dezan. Aldaketa garrantzitsuak behar dira Athletic garrantzitsua izaten jarraitzeko».

Ana Urkijo Fernando Lamikizen dimisioaren ondorioz iritsi zen Bizkaiko taldearen buru izatera, denboraldiaren hasiera kaskarrak eta zenbait erabaki eztabaidagarrik eraginda. Geroztik hainbat erabaki garrantzitsu hartzera behartuta izan da, eta guztiak talde zuri-gorriak bizi izan duen krisirik handienetarikoan.

Emaitza eskasek entrenatzaile aldaketa eragin zuten, eta Sarriugarteren ordez, Manerengan eta Ondarrurengan jarri zituen itxaropenak taldea zulotik ateratzeko. Zelai berriaren proiektua onartzea ere Urkijoren agintaldiaren parte bezala gogoratuko da Athleticen historia luzearen orrietan, baina baita Realarekin harremanak eteteko erabakia ere.

Horiek hala, bederatzi hilabeteko agintaldiari agur esan dio Ana Urkijok, eta nahiz eta memento zailak bizi izan, berarentzat Athleticeko presidente izatea «pribilegio eta ohore handia» izan dela nabarmendu zuen behin eta berriz. Ibaiganen emandako azken hitzaldian betiko agur esan, eta klubari beti lotuta jarraituko duela jakinarazi zuen hunkituta, berak esan bezala, Athleticekiko sentitzenduen «maitasunari» esker.

ZALEAK ETA SAN MAMES BARRIA

Zaleei eta bazkideei eskerrik eta maitasunik handiena helarazi zien Urkijok, memento zailetan taldeari emandako babesarengatik eta San Mames Barria proiektuari emandako baiezkoagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo