GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Amateur Protagonista

Artolak hasiberri moduan hartzen du bere burua

Afizionatuetan bosgarren urtea du eta kalitatezko jauzi handia egin du Azpiru-Ugarte taldeko txirrindulariak. Bi garaipen garrantzitsu lortzeaz gain, merituzko hainbat postu ere jaso ditu.

Mikel ARREGI | BILBO

Denboraldi bikaina egiten ari da Ugaitz Artola txirrindulari Billabonatarra: garaipena Urdiain eta Ataunen, bigarren postuak Nafarroako laugarren etapan eta Irunen... Hala ere, uste baino okerrago irten zaio iragan astean egindako Bizkaiko Bira, «nik hobeto ibiliko nintzela espero nuen, Irunen bigarren egin eta gero», onartu du. Kanpoko taldeak freskoago heltzeak emaitzetan eragina izan duela uste du Azpiru-Ugarte taldekoak.

Bere ustetan, aurreranzko jauzi handia eman du denboraldi honetan, «lehen erregularragoa nintzen baina orain, irabazten hasi naiz», esaten du. Bere ibilbidean eman duen aurrerapausoan behar den moduko atseden hartzeak zerikusia izan duela azaldu du berak: «lehen, beharbada, gehiegi entrenatzen nuen eta gorputzak ez zuen karga hori erraz asimilatzen».

Azpiru taldean gustura dago Ugaitz, «nahi dugun guztia eskura daukagu» eta «primeran tratatu gaituzte», aipatzen du berak. Mikel Azparren taldeko patroiarentzako hitz onak besterik ez ditu: «bizikleta munduak horrelako jende gehiago behar du, dirua honetan gastatzen duena». Patroiaren eta txirrindularien arteko harreman onaren erakusgarri, taldeko txirrindulariek Azparreni Quebrantahuesos proba zikloturista famatua irabazten lagundu izana da: «Berak Quebrantahuesos-a irabazteko laguntza eskatu zigun eta guk baietz esan genion gustura».

Berandu hasitakoa

Ezohiko txirrindularia da Artola. Oso berandu hasi zen bizikletan, 18 urterekin: «ni futbolaria nintzen. Noizean behin txirrindulariak ziren lagunekin bizikletaz ibiltzera irteten nintzen eta burua berotzen ibili ostean, futbola utzi eta haiekin txirrindularitzan hasi nintzen».

Bere iritziz, txirrindulari moduan hain berandu hasteak mesede egin dio, «askok 23 urterekin zaharra naizela esaten didate, baina ni bizikletan berandu hasi nintzela eta, oraindik bizikleta gogoekin ikusten dut neure burua». Berandu hasteak gazte mailatik afizionatuetarako jauzia egiteko orduan ere mesede egin ziola uste du: «jubeniletan ongi ibiltzen zirenek afizionatuetara pasatzean jauzi handia sumatzen zuten, nik, ordea, jauzi hori ez nuen sumatu hasi berria nintzen eta».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo