Harri-jasotzea Nafarroako Txapelketa
Patxi Larretxeak jarraituko du txapela jantzita
Txapeldunak 125eko zilindroarekin jasoaldi bat kendu zion Josetxo Urrutiari, eta alde horixe nahikoa izan zuen, berriro ere nagusi izateko
Jon LEUNDA | BAIONA
Patxi Larretxeak ez zuen hutsik egin, eta aurten ere berak jantzi du Nafarroako txapela. Alde oso txikia, hamahiru kilo baino gutxiago kendu zizkion Urrutiari, baina bera izan da nagusi.
Kirolariek 125eko zilindroa, 112,5eko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituzten, eta bakoitzarekin aritzeko bi minutu zituzten. Jende asko atzo ere, nahiz eta ez zen herenegungo jendetza, baina hori ere normala zen, Iruñean ez baitzegoen atzo aurreko egunetan bezainbeste jende.
Atzoko garaipenaren gakoa zilindroan egon zen, horri 23 jasoaldi eman baitzizkion Larretxeak, eta bat gutxiago Urrutiak. Hurrengo harriarekin, kubikoarekin, Urrutiak 14 jasoaldi eman zizkion, eta bat gutxiago txapeldunak. Hala ere, Larretxeak aurretik jarraitzen zuen.
Urrutia Larretxearen aurretik aritu zen lanean, eta bazekien aurkariak baino jasoaldi bat gehiago eman beharra zeukala bolari. Berak 14 eman zizkion, bai eta txapeldunak ere eta, hortaz, berriro ere txapelaren jabe egin zen Patxi Larretxea.
Hala ere, eguneko berririk pozgarrienetakoa Unai Bertiz sunbildarrak eman zuen. Lehen aldiz aritu zen lehiaketa batean, eta hirugarren amaitu bazuen ere, egindako lanak itxaropenerako ateak zabalik uzten ditu. Patxi Larretxea du irakasle, eta atzo lan bikaina egin zuen. 18 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 13 kubikoari eta 15 bolari. Harri horri berak eman zizkion jasoaldirik gehien, eta amaieran, askok bera ikusi zuten hurrengo txapeldun.
Igoa izan zen azkenengoa atzoko saioan, eta harri guztiekin izan zen postu horretan. 16 jasoaldi eman zizkion zilindroari, eta 12 bai kubikoari, bai eta bolari ere.
Amaieran, Patxi Larretxea pozez gainezka zegoen: «Oso gustura nago. Lesio luze samara izan dut, eta ez dakit gaur bezain urduri sekulan plazara joan naizen. Azkenean gauzak ongi atera zaizkit eta kontent naiz», esan zuen.
Iruñeko sanferminetako ekinaldiek aurrera egiten dute, eta gaur bi lehiaketa izango dira. Hasteko, Nafarroako Hirugarren Mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko dute. G.Larretxea, O.Larretxea, Kañamares III.a, Erasun, A.Mindegia, Eraso, Perez, Olano, P. Elizondo, Pellejero, Castro eta Etxebeste neurtuko dira. Bakoitzak bina kana-erdiko moztu beharko ditu. Bestetik, motozerra lehiaketa ere jokatuko dute, eta han izango dira Mariñelarena, Agerrea, eta Jaukikoa. Lau proba ezberdin egin beharko dituzte.
Bertiz izan zen eguneko ezusterik ederrenetakoa eman zuena. 22 urteko sunbildar honek hirugarren amaitu zuen, baina bolarekin bera izan zen onena, eta etorkizunean oso kontuan hartu beharko dela erakutsi zuen.
Nafarroako Hirugarren Mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko dute gaur, eta bertan aizkolari oso gazteak arituko dira lehian. Etorkizuneko kirolariak ikusteko aukera paregabea izango da.