GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Inazio Agirre Arregi Ezker abertzaleko kidea

Indarkeriaz inposatzea eta (in)tolerantziaz iraunaraztea

Mendeko hizkuntz politika mehatxua da euskararen normalkuntza osorako. Irlanderatze prozesuaren arriskua nabarmena da EAEn, asimilazioaren injustizia eta hizkuntz gatazka bizirik dira Euskal Herri osoan. Aro berri baten atarian gaude eta hizkuntz politika berria egiteko unera iritsi gara.

Gaztelania eta frantsesa euren lurraldeetatik haratago inposatu dute Espainiak eta Frantziak. Mendeetan bortxatu dute Euskal Herria, euskara eta euskal kultura asimilatzeraino. Bi erdara horien erabilera hedagarriek larri urratzen dituzte euskal herritarren eta Euskal Herriaren eskubideak, eta printzipio juridiko unibertsalak. Egiaztagarria da indarkeriazko kultur ordezkatze prozesu horrek egungo euskararen egoera minorizatuan izan duen eragina.

Bazterketa historikoa da eta egoera modernoa. Baina, Euskal Herrian gaztelaniak eta frantsesak indarkeriaz lortu duten estatus politikoa iraunkortzeko bi estatuen ahalegina xantaia da. Euskal herritarrek erreparazio historikoa jasotzeko eskubidea dugu: euskararen estatus politikoa erabakitzeko eta, lehen izan zen bezala geroan ere, Euskal Herri euskalduna izan dadin. Gaztelaniaren eta frantsesaren gainerabilerak duen permisibitateak arriskuan jartzen ditu euskararen normalkuntza osoa eta bere garapen iraunkorra euskararen lurralde historikoan.

Erdarazko gainerabilera horien askatasunak muga bat du: euskal hiztun komunitatea berrosatzeko askatasuna Euskal Herri osoan. Euskal herritarrek jendartean euskaraz bizi ahal izateko eta Euskal Herria berreuskalduntzeko eskubidea errespetatzeko. Hala, pertsonen, hizkuntzen eta herrien arteko duintasuna eta berdintasuna errespetatzen dira, ez da arriskuan jartzen gaztelania eta frantsesa erabiltzea beren lurralde historikoetan, eta Euskal Herriak kultura unibertsalari bere ekarpena egin diezaion ahalbidetzen da, mun- duko hizkuntz eta kultur aniztasunaren garapen iraunkorra bermatuta.

Zenbaitek esaten dute euskararen garapen iraunkorra bermatzea inposizioa dela. Lorpen demokratikoa baizik ez dena zapalketa gisa azaltzen duenak, ordea, ezjakintasuna edota kultur fobia erakusten ditu: gaztelaniarentzat Madrilen eta frantsesarentzat Parisen eskatzen duena ukatzen baitio euskarari Iruñean eta Baionan. Pertsonen, hizkuntzen eta herrien arteko berdintasunaren printzipio unibertsala ukatzen du.

Mendeko hizkuntz politikak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (EAE) izan du garapen handiena. Eta 25 urte EAJren esku egon ondoren, Jaurlaritzaren 2005-2009 egitasmoak honako joera negatiboak zehazten ditu: «euskararen erabilera urria eta guztiz irregularra da», «euskaldunak bakarrik hartuz gero, euskararen erabilerak behera egin du», «1.982 inguruko urteetan ez bezala, erdal elebakartasunaren aldeko diskurtsoa ari da orain gure artean zabaltzen», «ezin da euskararen geroa bermatutzat eman».

Mendeko hizkuntz politika mehatxua da euskararen normalkuntza osorako. Irlanderatze prozesuaren arriskua nabarmena da EAEn, asimila- zioaren injustizia eta hizkuntz gatazka bizirik dira Euskal Herri osoan. Merkatuak globalizatzen ari dira. Historikoki merkatuen hedapenarekin batera zabaldu eta galdu dira hizkuntzak. Aro berri baten atarian gaude eta hizkuntz politika berria egiteko unera iritsi gara.

Hizkuntz politikak hiru dimentsio ditu: pertsonala, soziala eta politikoa. Hirurak garatu behar dira euskararen normalkuntza irabazteko bidean jartzeko eta Euskal Herria berreuskalduntzeko: esparru demokratiko berria eraikitzea Euskal Herri osoan euskara indartu ahal izateko. Euskal herritarrek libre eta demokratikoki erabakitzea euskararentzat nahi duten estatus politikoa. Eta euskararen inflexio politikari dagokion ekintza plan argi eta zehatza bideratzea, legez derrigortzeko euskara ezagutzeko betebeharra, euskara planak enpresetan, erabilera kuotak komunikabideetan eta abar. Horrek gutxieneko adostasun politikoa, heldutasun sozial berria eta aldeko guztien auzolana eskatzen ditu.

Ezinbestekoa da Euskal Herriak behar duen hizkuntz politika identifikatzea eta egoeraren kontzientzia hartzea; euskaraz bizitzea, erdarazko gainerabilerak baztertzea eta intsumisioa praktikatzea. Euskara desagerrarazteko prozesua itzulbidean jartzeko eta irlanderatze prozesua gainditzeko. Euskarazko bizitza soziala eta jende talde desberdinak errespetuz elkarga- natzeko, inongo bazterketarik gabe, denon artean kultur artekotasuna eta euskaraz bizitzeko gunea eraikitzeko. Euskaldun eleaniztunez osatutako Euskal Herri euskalduna eratzeko. Badirudi EAJk eta PSOEk ez diotela injustizia honi irtenbiderik eman nahi. Indarkeria historikoaren ondorioa iraunarazi nahi dutela (in)tolerantzia demokratikoaren bitartez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo