San Miguel Ligaren analisia
Etxabe: «Lehen asteburuak gehiegi erabaki zuen»
Badirudi Castrok eta Hondarribiak gauzak zail jarriko dizkietela Orio, Urdaibai eta Zarautzi hemendik aurrera
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Badirudi aurtengo San Miguel Liga oso parekatua izango dela. Oriok eta Urdaibaik abantaila ederra hartu zuten aurkari zuzenekiko Galizian jokatutako bi estropadetan eta aldeak oraindik eta gehiago handitu zituzten larunbatean Pedreñan lortutako garaipen bikainarekin. Oriok bi garaipen batu ditu tarte horretan eta larunbatean bermeotarrak izan ziren irabazle.
Baina Hondarribiak eta Castrok -Zarautzen baimenarekin, noski- oso indartsu daudela erakutsi zuten igandean Donostian jokatutako Telefonica Banderan. Kantabriarrek garaipena lortu zuten haizearen laguntzarekin eta Ama Guadalupekoa Urdaibai eta Zarautzen aurretik sartu zen hirugarren txandan.
Datorren larunbatean erlojuaren aurka neurtuko dituzte indarrak hamabi ontziek, baina igandetik aurrera txandak sailkapenaren arabera erabakiko dira eta hortik aurrera ontzien arteko benetako aldeak ikusi ahal izango dira. Faborito guztien helburua horixe da, ohorezko txandan sartzen saiatzea.
«Taldea badago»
Juan Mari Etxabe, Castroko entrenatzaileak azaldu digunez, berak espero zuen Castroren lehen garaipena heltzea. «Ez dakit azkar iritsi den ala ez, aurreneko asteburua oso gogorra izan zelako guretzat. Taldea badago eta bagenekien garaipenak iritsi behar zuela. Lesioak, arazoak... hainbat arrazoirengatik arraunketa galdu genuen, baina egoerari buelta eman diogu eta badirudi ontzia badabilela», esan du prestatzaile oiartzuarrak.
Sailkapen nagusian bosgarren dago Castro, Hondarribiarengandik puntu bakarrera ohorezko txandan sartzeko lehian. «Galizian egindako emaitza txarrekin borroka horretan egoteak zerbait esan nahi du, beste batzuk ere huts egin dutela. Aukera hortxe daukagu eta larunbateko erlojupekoan emaitza on bat lortzen saiatu behar dugu. Guretzat sekulako jauzia izango litzateke iganderako ohorezko txandan egotea», onartu digu Juan Mari Etxabek.
Ligak izango duen parekotasunaz galdetuta, Etxabe ados azaldu da, baina argi dago oraindik Galizian gertatutakoa -seigarren eta hamabigarren izan ziren O Groven eta Boiron, hurrenez hurren- ez duela erabat ahaztu. «Uste dut Oriok eta Urdaibaik zorte ona izan zutela aurreneko bi estropadetan eta bai Hondarribiak eta bai guk oso zorte txarra izan genuela. Horregatik izan ez balitz, Orio eta Urdaibai hurbilago izango genituzke eta lehia askoz parekatuagoa izango litzateke», gogorarazten du Etxabek.
Galdera, beraz, argia da: Castrok eta Hondarribiak agur esan al diote Liga irabazteko aukerari? «Oso zaila dago, egia esan behar da. Guk ezin dugu batere akatsik egin eta besteek oraindik akatsen bat egiteko aukera badute. Horixe da daukaten abantaila, beraiek sekulako hutsa egin beharko lukete eta guk aurrean egon behar dugu beti aldeak murriztu ahal izateko. Uste dut lehenengo asteburuak gehiegi erabaki duela», amaitu du Juan Mari Etxabek.
Pedreñan, aldaketa?
Bi asteburutan lehiatik erabat kanpoan geratu dena Pedreña izan da. Goian ibiltzeko moduko taldea zutela ematen zuen, ekainean oso ongi ibili baitziren, baina oraintxe bertan Ligan hamargarren daude 16 punturekin. Zenbaitek errua Joseba Fernandez entrenatzaileari bota dio eta postutik kenduko ote duten ere entzun da, baina badirudi oraingoz elkarteko zuzendaritzak baduela konfiantza apur bat pasaitarrarengan.
Zumaia aldean ere pozik dira oso etxeko traineruak Donostian egindako lanarekin. Gipuzkoarrak bigarren postuan amaitu zuten Telefonica Bandera, iaz debuta egin zutenetik San Miguel Ligan inoiz lortu duten emaitzarik onena. Bertan eskuratutako hamaika puntuei esker, sailkapen nagusian zazpigarren postuan daude San Pedrorekin berdinduta eta jada jaitsiera postuekiko beste hamaika puntuko aldea atera dute. Hasieratik taldearen helburu nagusia mailari eustea bada ere, badirudi sailkapenaren erdialdera inguratzeko gai izan daitezkeela zumaiarrak. Oraingoz, bi emaitza oso on -Boiro eta Donostia- beste bi emaitza kaxkarrekin -O Grove eta Pedreña- nahastu dituzte.
«Oso-oso gustura gaude. Sekulako estropada egin dugu, eta pozgarria da Castroren mailako traineru batekin parez pare ibiltzea. Haizeak ere lagundu digu, beste txandetan baino gutxiago izan dugulako, baina sekulako lana egin dute arraunlariek. Orain, sailkapenean lasai samar gaude eta hori da bidea», aitortzen zuen Luis Mari Goikoetxea presidenteak igandeko estropadaren ostean.
A.A.
San Pedroko autobusak harrikada bat jaso zuen larunbatean Pedreñan eta kristal bat apurtu zioten. Zorionez, ez zen inor zauritu, baina gidariak ez zituen une gozoak igaro.