GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hainbat kritika jaso du umea izateagatik 2.500 euro emateko Zapateroren neurriak

GARA |

Lakuako Justizia sailburuari, EAko Joseba Azkarragari, «hagitz ongi» iruditzen zaio Gobernu espainolak semea edo alaba izateagatik 2.500 euroko dirulaguntza ematea. «Ez dut erabakia kritikatuko beste gobernu batek hartutakoa delako. Umea duen edozein familiarentzat da ona bat-batean kontuan diru hori sartzea», nabarmendu zuen atzo Radio Vitorian egindako adierazpenetan.

Dagoeneko egin daiteke eskaera Hego Euskal Herriko lau probintzietan. Gizarte Segurantzaren kutxetatik jasoko dute dirua onuradunek, eta Azkarragak ongi deritzo ordaintzeko formula horri, errenta zerga txikituta eginez gero, arazoak sortuko bailirateke erregimen fiskal euskaldunarekin.

«Laguntza hagitz puntuala»

Euskadiko Familia Ugarien Elkarteen Federazioarentzat ere «hagitz positiboa» da haurrak izateagatik diru hori ematea, onuradunek lan ordaindua izan edo ez. Hala eta guztiz ere, 2.500 euro horiek laguntza «hagitz puntuala» direla dio Europar Batasuneko bertze herrialde batzuetan guraso izateagatik jasotzen den babesarekin konparatuta. Gainera, Federazioak ez du ahantzi «etxetik kanpo lan ordaindurik ez duten emakumeei hilabetean 100 euro emateko agindu bete gabea».

EAJk, EBk, EAk eta PPk ere eman dute iritzia Zapateroren Gobernuaren neurriari buruz. Jose Antonio Rubalkabaren hitzetan, erabaki «populista eta oportunista» horrek ez du jaiotza tasa haztea bultzatuko; Mikel Arana familiaren aldeko apustu integralaren beharraz aritu da; eta Rafa Larreinak, familia ez dela lehenbiziko urtean bukatzen ohartarazi ondotik, sendi bakoitzaren errenta maila kontuan hartuko duten politiken alde egin du. Carmelo Barriok, azkenik, hauteskundeekin lotu ditu dirulaguntzak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo