GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eraso sexistak bukatzea denon esku dagoela adierazi dute 100 lagunek Azpeitian

Izarraizpeko Sorginak Emakume Taldeak eta Bilgune Feministak deituta, ehun bat herritar bildu ziren atzo Azpeitian «eraso sexistak amaitzea denon esku» dagoela eta «pauso asko» eman behar direla ozen errateko.

GARA |

Azpeitian emakumeen kontrako bi erasoren berri izan dute denbora gutian: hiru gelakidek 14 urteko neskatoa eraso zuten maiatzaren bukaeran eta, joan den asteazkenean, 54 urteko gizonezkoa atxilotu zuten Sestaoko gazte bat bortxatzen ahalegintzeagatik. Loiolako Etxe Santuan izan zen eta bertako segurtasun kamerei esker gizona nor zen jakitea lortu zuten. 27 urteko emakumeak salatu zuenez, solairu berean topo egin zutenean segika hasi zitzaion eta berekin sexu harremanak izatera behartzen saiatu zen.

Atzo arratsaldeko zazpi eta erdietan Azpeitiko plazan bildu ziren ehun lagunek gogor gaitzetsi zuten ekintza hori eta beren elkartasun osoa helarazi nahi izan zioten Sestaoko emakumeari, baita isilean tratu txarrak pairatzen dituzten emakume guztiei ere.

«Ez dira eraso bakarrak»

«Ziur gaude maila handiagoan edo txikiagoan bi erasook ez direla Azpeitian jazo diren bakarrak izan, ezta izango ere. Are gehiago laster herriko festak izango direla kontuan hartuta», azaldu zuten.

Irainak, txiste matxistak, ukituak, bortxaketak, erailketak... «Gizartean dugun eredu matxistaren ondorio» direla ohartarazi zuten Izarraizpeko Sorginak Emakume Taldeak eta Bilgune Feministak. Bukatzeko, berriro nabarmendu zuten denon ardura dela indarkeria sexista amaitzea, «geure eta gure ingurukoen jokabideen hausnarketatik abiatuta, denok askatasun osoz eta lasai edonon ibili ahal izateko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo