Berezkoak
Muskarditz-Harotzarenek irabazi dute Mauleko Torneoa
Finalak ia bi oren iraun zituen baina, amaieran, 40 eta 31 hartu zituzten mendean Latxerre eta Ozafrain, final eder eta ikusgarri baten ostean
Jon LEUNDA | MAULE
Muskarditzek eta Harotzarenek irabazi zuten herenegun eguerdian amaitu zen Mauleko Torneoa. Pilote Passion enpresak antolatutako lehiaketa hau ona izan da, eta zaleek ere erantzun bikaina eman zuten, trinketeko harmailek itxura bikaina izan baitute.
Finalak bazuen, gainera, bereizgarri bat, Latxerre baitzen bertan. Mauletarrak maila bikaina eman zuen eta, irabazi ez bazuen ere, zaleak oso gustura geratu ziren bere lanarekin.
Muskarditzek eta Harotzarenek 40 eta 31 menderatu zituzten Latxerre eta Ozafrain oren bat eta 40 minutu pilotan aritu ostean. Horrenbeste denbora jokatzen aritu ostean, eta zegoen beroa kontutan hartuta, amaieran laurak amaitu zuten erabat nekatuta.
Partidako azkeneko hamabost kintzeak bitarte berdinketa asko izan ziren, eta oreka izan zen nagusi bi bikoen artean. Hortik aitzinera, ordea, Latxerre ordura arte egindako lanaren eragina jasotzen hasi zen eta hori ederki aprobetxatu zuten Muskarditzek eta Harotzarenek tartea egiten joateko, eta amaieran txapela jantzi zuten, Mauleko Glaria trinketera hurbildu ziren zale guztien txalo artean.
Pilote Passionek ez dauka pilotaririk kontratupean, eta partidako kontratatzen ditu pilotariak. Horretarako, EPB enpresarekin kontraturik sinatu ez duten kirolariak eta amateurrik onenak erabiltzen ditu, eta ezin esan gauzak gaizki doazkionik, lehiaketa asko ari baita antolatzen.
Amotz
EPB enpresak antolatuta jokatu da Senperen, Amotz auzoan, bertako Torneoa, eta han Idiart eta Errekart izan dira nagusi, finalean 40 eta 32 hartu baitzituzten mendean Ezkurra I.a eta Lazkano. Jende asko batu zen trinketean, eta han ere beroa izan zen nagusi.
Hala ere, pilotariek goi mailako norgehiagoka eskaini zuten, eta oren bat eta laurden iraun zuen final honek. Partida horrek bi zati ezberdin izan zituen. Lehenengoan, Ezkurra I.a eta Lazkano izan ziren nagusi, baina Idiartek eta Erekartek 22-22 adostu zuten partida, eta hor hasi zen finalaren norabidea aldatzen.
Hortik aitzinera, Panpi Idiart botearekin asmatzen hasi zen, eta horrek min handia egin zien aurkariei. Partidaren agintea hartu zuten, eta tartea irekiz jarraitu zuten, nahiz eta galtzaileak ere ez ziren oso aparte. Hala ere, amaieran txapela jantzi zuten, eta garrantzitsua izan zen berentzat. Idiartek aspaldian ez zuen ezer irabazi, eta Lazkanok, berriz, profesionaletara pasatu denetik, bere lehenengo garaipen handia lortu du. Dena dela, herenegun ikusitakoaren ostean, ez da azkenekoa izango.
Torneoek, ordea, aurrera jaraitzen dute, eta asteburuan bertan hasi da Txillar Lehiaketa, Kanbon eta Zuraiden jokatuko dena. Final-laurdenetan, Biellek eta Etxetok 40 eta 30 irabazi zieten Etxeberriri eta Istillarteri.
Ostiralean, Kanbon jokatuko dute lehen finalerdia, eta bertan, Idiart eta Ezkurra II.a Bielleren eta Etxetoren aurka neurtuko dira. Ostiralean, bigarren finalerdia izango da, eta han, Waltari-Maite, Larretxea-Kurutxarirekin neurtuko dira.
Hendaian, halaber, joko berriko lehiaketa jokatuko dute Pilote Passionek antolatuta, eta ostegunean izango dira bi finalerdiak. Larunbatean, aldiz, torneo honetako azkeneko norgehiagoka jokatuko da, finala, alegia.
Pilotariek inoiz baino lehiaketa gehiago dituzte aurten. Pilota Passionen agerpenak torneo gehiago ekarri baititu. EPB enpresak antolatzen dituenez gain, Landetako enpresarenak ere kontuan hartu behar dituzte orain.