GARA > Idatzia > Herri-kirolak

«Finalera doan edonork jantzi dezake txapela, baita azkena geratu ere»

Jon LAPAZARAN, segalaria

Jon Lapazaran da datorren igandean Oiartzunen jokatuko duten Euskal Herriko Txapelketako finalean arituko den bizkaitar bakarra. Gipuzkoarrak errege diren kirol honetan burua ateratzen ahaleginduko da. Finalerdietan onena izan zen eta horrek itxaropen dezentea eman zion. Hala ere, finalean lana bikoiztu egingo zaie, ordubetean aritu beharko baitute belarra mozten.

Jon Lapazaran gogotsu dago datorren igandeko finalerako. Larunbatean Bizkaiko txapela jantzi zuen, eta horrek berak ere ilusioa indartu dio.

Gogoz al zaude iganderako?

Bai, bai. Jadanik finala heltzeko ilusioarekin nago. Ongi ikusten dut neure burua, eta saiora joan eta jokatzeko irrikaz nago.

Zaleek diote inoiz izan den finalik estuena izan daitekeela. Ados al zaude?

Nik uste dut baietz. Hor lau segalari gaude, eta uste dut geure artean ia ez dagoela alderik. Nik pentsatzen dut lauren artean edonor atera daitekeela irabazle, eta lauretako edonor geratu daitekela azkena ere bai.

Nola ikusten dituzu zure aurkariak?

Indartsu. Goikoetxea eta Gabirondo oso ongi daude. Azken hori izango da finaleko zaharrena, baina kontuz ibili beharko da berarekin. Gero, Ormaetxea zen indartsuena denboraldiaren hasieran, baina azkeneko bi saioetan ez dut gustura ikusi, ez dakit zer gertatzen zaion, baina ez dabil denboraldiaren hasieran zuen maila harekin.

Iaz zu zinen faborito garbia, baina ez zenuen irabazi. Kolpe handia hartu al zenuen?

Egia esan, bai. Besteak zu baino askoz gehiago izan direlako galduta, ez da ezer gertatzen. Hobea izan da eta kito. Iaz, ordea, ez nuen nik nire lana egin, eta horrek eman zidan min.

Larunbatean Bizkaiko finala irabazi zenuen. Horrek ere indarra emango zizun, ezta?

Bai, dudarik gabe, irabaztea beti izaten da gustagarria. Hala ere, Bizkaian ez dago maila handiegirik. Niri gehiago gustatuko litzaidake borroka handiagoarekin irabaztea, baina gauzak dauden bezala daude.

Gutxienez ordubeteko lanerako erreferentzia izateko balioko zizun, ezta?

Bai, hori zen helburua eta horretan saiatu nintzen, baina belardiak ez zuen gehiegi lagundu, zorua oso gaizki baitzegoen.

Euskal Herriko finalerdietan ere onena izan zinen. Horrek ere finalerako bultzada emango zizun, ezta?

Bai, dudarik gabe. Hala ere, hura orduerdikoa zen, eta finala ordubetekoa izango da. 30 minutu gehiago izateak dena aldatzen du. Gauzak askoz hobeto neurtu behar dituzu. Lehen ordu erdian daukazun guztia ematen baduzu, akabo, gero ez zaizu gainerako lanerako indarrik geratzen. Hor dena ongi neurtu behar da, baina ez da erraza izaten. Hala ere, garrantzitsua izango da sailetan aurkariei eustea.

Aurten inoiz baino jende gutxiago dabil segalariak ikusten. Zer gertatzen da?

Egia esan neu ere sinetsi ezinik nabil. Beti izan ohi da jendea segalariak ikusten, baina aurten oso gutxi dabil, bai Euskal Herrikoan, baita beste lehiaketetan ere. Arrazoia zein den ez dakit, baina igandean joateko deia luzatuko nieke. Nik uste dut finala estua eta pareekatua izango dela, ikusteko ederra.

Jon LEUNDA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo