GARA > Idatzia > Herri-kirolak

TRONTZA

Esnaola anaiek erraz irabazi dute kanporaketa

J.L. | DONOSTIA

Esnaola anaiek aise irabazi zuten herenegun Iturenen jokatu zuten Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa. Lehen aldiz jokatuko dute aurtengo eran. Orain arte, herrialde bakoitzeko bi onenak jokatzen zuten finala, baina aurten honela probatuko dute. Izena eman zuten guztien artean, sei onenak Lehen Mailako finala jokatuko dute eta gainerakoak Bigarren Mailakoa. Hasieran hamahiru ziren izatekoak, baina azkenean bik huts egin zuten eta hamaika bikote neurtu ziren.

Esnaola anaiak, Barberena anaiak, Intxaurbe-Olivares, Rezabal-Roteta, Aizkorbe-Cano eta Bertiz-Urrutia izan ziren sailkatu ziren seiak.

45 ontzako enbor bati hamar epai eman behar zizkioten etzanda, eta bost, berriz zutik. Lana ez zen luzea, baina Esnaolatarrek alde handia kendu zieten gainerakoei eta garbi geratu zen aurten ere zeintzuk izango diren finala irabazteko faboritoak. 3.39 izan zen beren denbora, eta bigarren geratu ziren Barberena anaiena, berriz, 4.16. Intxaurbe-Olivares sailkatu ziren hirugarren, 4.22 eginda; Rezabal-Roteta izan ziren laugarren 4.45 eginda, Aizkorbe-Cano bosgarren, eta 4.49 izan zen beraien denbora, eta Bertiz-Urrutia izan ziren seigarren 4.56ekin. Sei hauek izango dira Euskal Herriko final nagusian.

Europako Kopa

Timber Sportek antolatzen duen Europako Kopan bi euskal ordezkari izan dira pasa den asteburuan, baina ez dute berek nahi bezain lan ona egin. Alemanian izan da lehiaketa eta bertan aizkoran alturan, enbor bat zutik, beste bat etzanda mozten, trontzan bakarka eta bi motozerrarekin egin dute lan.

Europako 28 onenak ziren, Donato Larretxea hamalaugaren izan da eta Patxi Larretxeak, berriz, 27. postuan amaitu du. Irabazlea, Dinbrauwn alemaniarra izan da. Atzetik, Tony eta Herber suitzarrak sailkatu dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo