GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-zulatzea

Jaizubiak geroz eta gertuago dauka txapela

J.L. | DONOSTIA

Jaizubiak geroz eta gertuago dauka Euskal Herriko Liga. Hondaribiko taldeak erraz, oso erraz irabazi du bosgarren jardunaldia eta aurkariei geroz eta alde handiagoa ateratzen ari zaie.

Ligaren erdia amaitzen zen Barakaldon eta berriro ere garbi ikusi zen gipuzkoarrak nagusi direla. 18 zulo egin zituzten eta hiru pasako aldea kendu zieten bigarren sailkatuei.

Jardunaldi horretan ere bi ezusteko handi samar izan dira. Alde batetik Kabiezesek eman zuena izan zen. Hauek ezusteko bikaina eman zuten. Lehen denboraldia dute, eta sailkapeneko bigarren postuan amaitu zuten 15 zulo pasa eginda.

Ezusteko txarra, berriz, Galdamesek eman zuen. Erregulartasunik gabe dabiltza. Saio onak txarrekin tartekatzen ari dira, eta hori izan dute txarra, bosgarren amaitu baitzuten. Beraiek ziren Jaizubiari aurre egitera deituta zeudenak, baina erregulartasun falta horrek Liga irabazteko geroz eta aukera gutxiagorekin uzten ditu.

Beraz, Jaizubia izan zen nagusi, 18 zulo eta 1,6 zentimetrorekin. Bigarren Kabiezes sailkatu zen, 15 zulo, eta 0,8rekin. Hirugarren geratu zen Aldai Alde 15 zulo eta 4,6rekin.

Sailkapen nagusian, Jaizubia doa lehen postuan, eta 10 zuloko aldea kentzen dio Galdamesi. Hemendik aurrera gauzak oso gaizki egin ezean, txapela berentzat izango da.

Goiherri

Halaber, herenegun hasi zen 560 kilotako Euskal Herriko Txapelketa. Lau talde baino ez dira izango eta Goiherri eta Gaztedi izango dira protagonista, biak bina talderekin joan baitira.

Lehen jardunaldi horretan, Goiherriko lehen taldea izan zen onena eta berek irabazi zuten. Gaztediko lehen taldea izan zen bigarren; Goiherri B hirugarren, eta Gaztedi B laugarren. Goiherrik aurten 680ko eta 600eko txapelak irabazi ditu eta Gaztedik, berriz, 640koa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo