«Leturiaren egunkari ezkutua»ren ekarpena aztergai EHUko ikastaroetan
«Txillardegi» idazlearen «Leturiaren egunkari ezkutua» eleberriak 50 urte bete ditu. Hori dela-eta, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeak hitzaldi-sorta prestatu du. Hitzaldi horiek Euskal Herriko Unibertsitatearen 2007ko Udako Ikastaroen barnean abiatu ziren atzo Donostiako Miramar Jauregian. Eleberriak ekarri zuen berrikuntza eta gizartean izandako oihartzuna hartuko dituzte ardatz eta hausnarketa kritikoa egingo dute, gaur eta bihar.
Jon CABANILLAS | DONOSTIA
Aurten dira 50 urte Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi»k «Leturiaren egunkari ezkutua» eleberria argitaratu zuenetik. Urteurren hori dela-eta Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeak «`Leturiaren egunkari ezkutua' eleberriaren ekarpena XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan» izenburuko hitzaldi sorta prestatu du.
Ikastaro horien aurkezpena atzo izan zen Donostian Lourdes Otaegi Imaz Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeko idazkaria eta ikastaroen zuzendariaren eskutik. Lourdes Otaegik esan zuenez, «eleberri horrek euskal literaturan aldaketa nagusia ekarri zuen eta Euskaltzaindiak eman zion sariari esker argitaratu zen. Euskaltzaindiaren erabakia ausarta izan zen honelako eleberri bati saria ematean». Euskal eleberrigintzaren bilakaeran eleberri horrek ekarri zuen berrikuntza eta gizartean eragin zuen oihartzuna direla-eta, jardunaldi horiek hausnarketa kritikoa izango dute xedetzat haren zenbait alderdi aztertzearekin batera.
1937-1957 urteen arteko eleberrigintzari erreparatuz gero, ohiturazko eleberriaren ikusmoldeak erasanik gabe iraun balu bezala ikusarazi dute euskal literaturaren historialari eta kritikariek. Hala ere, ikerketa berriek iradokitako zenbait zantzuk ñabardura interesgarriak egin dizkiote eskema orokor horri. Horregatik, Gerra eta liburua kaleratu bitarteko hogei urte horietan argitaraturiko narratibari xeheago erreparatu nahi zaio lehen xede gisa, hala zehaztasunez balioztatzeko Txillardegiren lanaren ekarpena.
Bestalde, 50 urteko aldeaz begiratuta, «Leturiaren egunkari ezkutua»ren inguruko irakurketa kritikoak plazaratuko dituzte ikastaroan. Alde batetik, liburuak garaikideen artean izandako harrera ideologikoa eta literarioa aztertuko dute eta gaurko irakurketarekin alderatu. Era berean, liburuaren zenbait alderdi hartuko dituzte aintzat hainbat ikuspegi kritikotatik, hala nola emakume eta gizonaren irudia, erlijio krisiaren ikuspegia, narrazio moldea...
Leturiaren aurrekariak
Atzoko lehen jardunaldian, «Leturiaren aurreko euskal eleberrigintza (1945-1957)» izenburukoan, Ur Apalategi idazle eta Paueko Unibertsitateko Euskal Literatura irakasleak egin zuen sarrera. Apalategi, J.P. Iratxet idazlearen «Antton» (1946) nobelaren inguruan aritu zen, 1937 urtetik argitaratutako lehen eleberria 36ko Gerra isilaldiaren ondoren. Irakasleak argi utzi zuen «Antton» ez dela kalitatezko obra bat. Nobela kostunbristaren adibide garbia da eta baserriko bizimodu ideala goraipazen du. Hala ere, irakasleak obra hau baloratzen du eta «nobela komiko lortua» dela esan, eta «bertute literario handi» bati esker aukeratu zuela ere adierazi zuen. Aztertutako bigarren liburua J. Eizagirreren «Ekaitzpean» (1948) izan zen, EHUko Filologia irakasle eta katedradun Jon Kortazarren eskutik. Nobelak «tresneria tradizionala erabiltzen du», Kortazarren esanetan. Kostunbrista hori ere.
Atzoko saioan Txillardegiren «Leturiaren egunkari ezkutua» eleberriaren aurrekariak izan ziren protagonistak. Gaur, aldiz, eleberria aztertuko dute soilik, testuinguruari eta izan zituen eraginei erreparatuz.
Gaurko ikastaroa goizeko 9.15ean hasiko da, «Leturiaren egunkari ezkutua: haustura bat gerra ondoko euskal narratiban?» izenburupean, Jon Casenave, euskaltzain urgazlea, literatura batzorkidea eta Bordele-3 Unibertsitateko irakaslearen eskutik. 10.30ean atsedenaldia egingo dute 11.00k arte. Bigarren ikastaroak 11.00etatik 12.15ak arte iraungo du. «Leturiaren egunkari ezkutuaren irakurketa gaur egungo ikuspegitik» izenburupean, Iñaki Aldekoa Beitia Literatura Ikerketa batzordekidea eta EHUko irakaslea izango du gidari. Jarraian, 13.30ak arte, «Liburuaren harrera garaikideen artean» ikastaroa Patri Urkizu, euskaltzain urgazlea, Literatura Ikerketa batzordekidea eta UNEDeko irakasleak emango du.
Bihar Txillardegiren eleberriaren zenbait alderdi ikertu gabekoak aztertuko dira. Lehen ikastaroa «Leturiaren egunkari ezkutua: gizon eta emakume irudiak» Iratxe Retolaza Gutierrez, Literatura Ikerketa batzordekidea eta EHUko irakasleak emango du. Bigarrena, «Gizartea krisialdian: Leturia ikuspuntu erlijiosotik hartuta», Sebastian Garcia Trujillo euskaltzain urgazlearen esku geratuko da, eta, azkenik, «Leturiaren uda ezkutua» ikastaroaren ardura Karlos Otegi Lakuntza euskaltzain urgazleak eta EHUko irakasleak hartuko du bere gain.
I. C.
50. hamarkadako hiru eleberrirekin amaitu ziren atzoko ikastaroak. Jon Etxaideren «Alos-torrea» (1950) eta «Joanak Joan» (1955) izan zituzten lehenengo hizpide. Gerora, aldiz, «Amabost egun Urgainen» (1955) zein eleberrigintza poliziakoaren hastapenez aritu ziren.