GARA > Idatzia > Euskal Herria

«1978ko sanferminetan gertatu zena ez zen kasualitate hutsa izan»

Floren Aoiz idazleak hitzaldia eman zuen atzo Iruñeko Hizkuntz Eskola Ofizialean Udako Euskal Unibertsitateko Iruñeko ikastaroen sarrera ekitaldian. Bertan, Foru Hobekuntzaz eta horren jatorriaz aritu zen berak ohi duen hizkera xamur bezain zuzenean.

Iker IRIARTE

Tamalez, Nafarroan gaur egun indarrean dagoen «Navarra Foral y española» horren ereduak hainbat oinarri edo jokabide argi izan dituela azpian ziurtatu zuen Floren Aoizek atzo Iruñean eta horien artean «indarraren erabilera» aipatu zuen. Puntu horretan berean kokatu zituen nafar idazleak 1978ko sanferminetan jazo ziren gertakari latz eta odoltsuak, besteak beste German Rodriguez iruindarraren bizia eraman zutenak. Aoizen arabera, «Navarra foral y española» horren alde egiten zutenek gidatutako errepresioa «izugarria» izan zen herrialdean, indar erakustaldi ikaragarria, eta hori dela-eta, «ez da kasualitatea -idazlearen hitzetan- 1978ko sanferminetan gertatua», eta, era berean -Gladys del Estal gehitu zuen-, «ez da kasualitatea ere Lemoizko zentral nuklearraren aurkako protestaldien ondorioz egon zen hildako bakarra Tuteran egon izana».

UEUk gonbidatuta, Floren Aoiz izan zen unibertsitate horrek urtero -Eibar eta Baionako saioen ondoren- Iruñean antolatu ohi dituen ikastaroetako sarrera ekitaldiko protagonista nagusia. Foru Gobernua eratzeke dagoelarik, Nafarroaren estatusa behin eta berriz hizketagai den une honetan eta Foru Hobekuntzaren 25. urteurrenean egonik, ezin delako «itun» hori baino mintzagai aproposagorik hautatu.

Aoizek, dena den, atzerago ere jo zuen eta hastapenetik utzi zuen argi -Juan Carlos Borboikoaren 1969ko kargu hartzearen bideoarekin hasi zuen hitzaldia- trantsizioak «frankismoarekin lotura zuzena izan zuela», «frankistek berek zuzendu zuten trantsizioa», ziurtatu zuen. 1975ean Franco hiltzerako estrategia «oso ongi diseinatuta» zutela zehaztu zuen: haustura politikorik gabe, militarren protagonismo politikoarekin eta estatuaren egoeraren mantenuarekin. Alabaina, «Euskal Herriko erresistentzia» diseinu horren «oztopo nagusi» bihurtu zela gaineratu zuen, eta hori dela-eta, «inprobisatu» eta Autonomia Estatuaren aldeko apustua egin behar izan zutela argitu zuen.

Bost oinarri nagusi

Gaur egungo Nafarroak bost oinarri nagusi dituela defendatu zuen Aoizek, eta «inprobisazio» horren aldetik etorri zen lehena: «Nafarroaren estatus berezia». Izan ere, nafar eskuinaren arabera, Nafarroa ez zen autonomia erkidego bat, baizik eta «beste zerbait», estatus bereziko lurraldea, eta hargatik ez zuen estatuturik behar. Aurrerago, ordea, Nafarroarentzako estatutu bat hitzartzeko garaia heldu zen momentuan, «Hobekuntza» jarri zioten izena eta lehendik ere autonomia bazuela erabili zuten arrazoi gisa. Bigarren oinarria, «iruzurra» dela adierazi zuen idazleak, nafar eskuindarrek Gaiarre antzokian egindako batzarrean Gestoreen estatutuari -«jendartearen gehiengoaren babesa zuena» Aoizen hitzetan- ezezkoa emateko balio izan zuena.

Gaur egun egiten duen moduan, orduan ere eskuina «anexionismoaren mitoaz» baliatu zela adierazi zuen hizlariak eta hori ere gaurko egoeraren oinarri nagusitzat jo zuen.

Bestalde, Lege «Pakzionatuari» eta Nafarroa Espainiaren mende erori zeneko 1512ko setioari besteak beste emaniko «itun» itxura faltsuak egungoa ulertzeko osagai garrantzitsua dakar Aoizen arabera, «Nafarroak Espainiarekin egindako itun modura» azaldu nahi baitute, bere esanetan.

1977ko hauteskundeetan gertatua ere oso garrantzitsutzat jo zuen Aoizek trantsizioa ulertzeko, orduan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa batzeko azken aukera alferrik galtzen utzi baitzen UCDri esker. Horrek, indar erakustaldi «izugarria» eta «errepresioa» ekarri zituela nabarmendu zuen idazleak -horiek dira bosgarren oinarria-, eta hor kokatu behar direla bai 1978ko sanferminetan jazotako gertakariak baita Gladys del Estalen erailketa bera ere. «Ez ziren kasualitate hutsa izan, oso ongi pentsatutako estrategia baten parte baizik», Nafarroak gaur egun duen itxura izan zezan helburua zuena, hain zuzen ere.

UEU hasia da iruñeko egoitza berriari etekina ateratzen

UEUk, Eibar eta Baionako ikastaroen ondotik, sanferminak pasa berritan antolatzen ditu ikastaroak Iruñean eta aurten ere halaxe egin du, tartean atsedenerako egun bakarra utzita.

Floren Aoizek parte hartu zueneko sarrera ekitaldia arratsaldeko 18.00etan izan bazen ere, ordurako ikastaroak hasiak ziren: artea, literatura, natur zientziak, sexologia, psikologia eta yoga gaiak lantzen hasiak ziren hainbat ikasle eta irakasle.

Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaro horiek, ordea, badute bereizgarri bat: azken urteetan ohikoa bihurtu zen Larraona ikastetxea utzi eta Iruñeko erdigunean dagoen Hizkuntz Eskola Ofizialera lekualdatu direla. Esan bezala, ikasle gehienak dagoeneko hasiak dira leku berrira ohitzen -geratzen diren ikastaroek gaur eta bihar artean izango dute hasiera- eta orohar jendea gustura dagoela ematen du nahiz eta aurten egoitza zerbitzurik ezin duen eskaini. I.I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo