2007/08 denboraldia
Giro bikaina izan da protagonista lehenengo entrenamenduan
Txuri-urdinek denboraldiari hasiera eman diote bigarren mailan gogor hasteko eta lehenbailehen lehenengora itzultzeko. Saio bikoitzaz osatutako jardunaldian baloia, luzaketak eta fisikoa izan dira nagusi eta harrobiko jokalari dezente ikusi ahal izan dira.
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Martxan da dagoeneko 2007/08 denboraldia Realarentzat. Atzo hasi zuen talde txuri-urdinak denboraldi-aurrea goizez eta arratsaldez eginiko saio bikoitzarekin.
10:00etan hasi zuten donostiarrek eguneko lan jarduera. Jokalariak Zubietako gimnasioan aritu ziren beroketa saio bereziak egiten. Bertan, Maria de la Peña presidenteak, Kontseiluaren izenean, konfiantza, laguntza eta animozko mezua eman zien jokalariei.
Ordu erdi beranduago, protagonistek, harrobiko jende ugari barne, futbol zelaia ukitu ahal izan zuten lehendabiziko aldiz.
Chris Coleman entrenadore galesak baloiaren bidez bideratu zuen entrenamendua. Sei taldetan banatu zuen talde osoa ariketa desberdinak egiteko. Riesgo eta Ximun atezainek prestaketa espezifikoak egin zituzten Xabier Manzisidorren aginduetara. Ariketa bakoitzaren tartean luzaketak sartu zituzten Colemanek eta bere laguntzaile Steve Keanek.
Baloiarekin lehen kontaktua izan ondoren, jokalariak bi taldetan banatu ziren baloiaren jabetza lantzeko. Ariketa honetan hainbat ate txiki ipini zituzten jabetzaz aparte golak sartzeko.
Partidua jokatzeko aukera ere izan zuten entrenamenduko lehenengo egunean. Bi taldetan banatuta, jokalariek zelai erdia erabili zuten atezainei lana emateko.
Goizeko saioari amaiera emateko eta Karla Laburu Realeko prestatzaile fisiko berriaren aginduetara, jokalariek azken luzaketak egin zituzten.
Arratsaldeko jardueran, jokalariek gutxiago ukitu zuten baloia eta garrantzia handiagoa eman zioten alderdi fisikoari. Horrela, karrerak eta rondoak egin zituzten progresioekin txandakatuta. Colemanek harmailatik jarraitu zuen entrenamendua.
Osasun partea
Lehenengo entrenamenduan parte hartu zuten jokalarien artean, Morten Skoubok lan saioa bere taldekideekin hasi zuen, baina bere parte hartzea aldizkakoa izango da. Hurrengo egunetan lan-karga bere taldekideena baino txikiagoa izatea pentsatu dute. Esfortzuari zer nolako erantzuna ematen dion eta, aldi berean, bere hernia diskalaren bilakaeraren arabera, hurrengo egunetan jarraitu beharko duen lan-saioa zein izango den jakingo da.
Arratsaldeko saioan, Xabi Prieto Zubietako gimnasioan aritu zen lan espezifikoa burutzen udan izandako akilesen tendoiko arazoarengatik.
Gorka Larrearen presentzia ere sumatu ahal izan zen atzo. Almerian jokatzen aritu den jokalariak orkatila bihurritu zuen duela hilabete eta erdi, eta bi aste darama Zubietan tratamendua jasotzen. Hala izanda, errehabilitazioa eta tratamenduarekin jarraituko du guztiz sendatzea lortu arte.
Mikel Balenziaga gazteak zuntz haustura eduki zuen 19 urte azpikoko selekzioarekin entrenatzen zegoen bitartean duela astebete. Orain dela egun batzuk Zubietako instalazioetan hasitako tratamenduarekin jarraituko du taldearekin lan egiteko aukera eduki arte.
Beste alde batetik, Claudio Bravo txiletarra eta Gorka Elustondo abuztuaren 1ean elkartuko dira taldearekin entrenamenduekin hasteko.
Lehenengo mailara lehenbailehen igotzeko eta denboraldia gogor hasteko nahiarekin, Realak saio bikoitza izango du astelehenetik ostegunera. Lehenengoa goizeko hamarretan izango da eta bigarrena arratsaldeko seietan. Ostiral eta larunbatean, ordea, saio bakarra egingo dute goizeko hamarretan.
Zubietan sekulako giroa egon zen. Adin guztietako haurrak bildu ziren eta askok danborrak eta guzti erabili zituzten beren idoloak animatzeko. Karlos Argiñano sukaldaria ere ikusi ahal izan zuten zaleek, sukaldeko txanorik gabe.
Xabi Prieto eta Javi Garrido izan ziren atzoko protagonistak Zubietako prentsaurrekoan. Jokalari gipuzkoarrek ez zuten beren etorkizuna argitu. Biek aipatu zuten urtebeteko kontratua dutela oraindik. «Ni hona gustura asko etorriko naiz. Zehazki, ez dakit gauzak nola dauden, baina oso zentratuta nago hemen eta ez diot garrantzirik ematen», aipatu zuen Garridok. Gainera, «Castelloren aurka Realarekin jokatzen ikusten dut neure burua», gehitu zuen jokalari irundarrak.
Xabi Prietok ez du baztertzen Athleticen jokatzea. «Ez dut ezer baztertzen. Badakit Reala egoera ekonomiko txarra pasatzen ari dela eta eskutik elkarrekin joan behar gara. Hemendik ateratzeko ordua iristen bada, Realarentzat dirua uztea da nire gogoa», adierazi zuen jokalariak. Athletic eta Ajaxen eskaintzak edukita, Prietok ez zuen baten alde jo talde horietako batekin fitxatu beharko balu: «Abantailak eta desabantailak aztertu beharko genituzke, baina etxetik hurbil egotea abantaila bat da, nire familiarekin egotea garrantzitsua baita. Gaur egun ez dakit zer gertatuko den, baina hemen jarraitzen dut. Hala ere, dena lehenbailehen erabakitzea ona izango litzateke».
Jaitsierari dagokionez hauxe aipatu zuten: «Lehenengo partida Castelloren aurka izatea gogorra da. Besteek gu irabazi nahi izango gaituzte, baina ea datorren urtean lehenengo mailan gauden», azpimarratu zuen Garridok. Prietok, ordea, «ea dena aldatzen den lehenengo mailara itzultzen bagara», adierazi zuen.
I. C.