waterpolo Nazioarteko XIX. Txapelketa
Munduko Ligako kanporaketa jokatuko da Portugaleten Mundialeko bi finalistekin
Ander GARTZIA | BILBO
Portugalete waterpoloaren erakusleiho bihurtuko da bihartik igandera, Nazioarteko XIX. Txapelketak iraungo duen bost egunetan, alegia. Aurtengo gizonezkoen Waterpolo Munduko Ligan, lau kontinentetako 16 selekziok hartuko dute parte eta, kasu honetan, hiribilduan, Europako 2. Multzoko Estatu espainola, Kroazia, Errumania, Errusia eta Hungaria lehiatuko dira.
Edizio honetako partiden zerrenda ezin erakargariagoa izango da eta ez dira faltako Melbournen azkenengoz ospatu zen 2007ko Munduko Txapelketan postu onenak lortu zituzten taldeak. Besteak beste, Portugaletera hurbilduko direnek egungo Munduko Txapelketako eta Joko Olinpikoetako txapeldunak, Kroazia eta Hungaria, gertutik ikusteko aukera izango dute.
Finalerdiak
Munduko Liga Amerika, Asia-Ozeania, Europa1 eta Europa2 multzoetan banatuta dago eta azken horretako kanporaketen agertoki izango da Portugaleteko igerileku gunea. Garaileak, XIX. Nazioarteko Txapelketa irabazteaz gain, Munduko Ligako finalerdiak gaindituko ditu eta abuztuan Berlinen egingo duten Final Handirako txartela bereganatuko du.
Bihar, arratsaldeko 18.30ean, Errusia-Errumania norgehiagokak emango dio hasiera Nazioarteko XIX. Txapelketari baina zita garrantzitsuena larunbat goizean iritsiko da, Kroazia eta Hungariaren arteko partidarekin, 2007ko Munduko Txapelketako final bera, alegia. Aukera paregabea dute, beraz, kirol zaletuek.