GARA > Idatzia > Mendia

alpinismo Pakistango Karakorum

Pumari Chhish, Kosta ala kosta poltsikora

Yannick Graziani eta Christian Trommsdorff frantziarrek Pumari Chhish mendiaren hegoaldeko aurpegia lehenengo aldiz igo dute. 2.700 metroko bidea da eta ED zailtasunekoa.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Azkenean korapiloa askatu da. Pasa den ekainaren 12ra arte, Pumari Chhish mendiaren (7.350 m) hegoaldeko aurpegia igo gabe zegoen. Saio bakan batzuk izan ditu. Batzuk ederrak; beste batzuk, aldiz, ia tragikoak. Baina Yannick Graziani eta Christian Trommsdorff frantziarrek egin berri dutenak oso emaitza onak izan ditu. Bost eguneko jarduera bikainaren ostean, aurpegi hori lehenengo aldiz igo dute. Horrela bada, oso ezaguna ez den igo gabeko zazpimilakoaren pareta zail horren korapiloa askatu dute.

Pumari Chhish mendia Hispar Muztagh mendilerroan dago, Pakistango Karakorum erraldoiaren barnean. Nahiz eta oso mendi erakargarriak dituen, zazpimilakoak batez ere, ez du bisita asko izaten. Haatik, igo gabeko mendi zailen aldeko apustua egiten duten nazioarteko goi mailako alpinista batzuk ingurumari horretan izan dira. Pumari Chhish mendiaren ezkerretara, adibidez, Eki Kanyang Chhish mendia dago. Beste zazpimilako bat: 7.400 m. Bada, mendi horretan iaz Steve House eta Vince Anderson amerikarrek oso saio ederra egin zuten.

Baina abia gaitezen frantziarrek lortutako zazpimilako horren hegoaldeko aurpegiaren kronikarekin. Helburu horren atzetik Julie Ann Clyma eta Roger Payne alpinistak jardun ziren. Bi saio egin zituzten, 1999 eta 2000. urteetan, baina bietan ez zuten saririk jaso. Bietan oso eguraldi txarra izan zuten, eta lehenengo saioan 6.200 metrora soilik eta bigarrenean 5.300 metrora iritsi ziren; hots, headwall zailaren azpitik gelditu ziren. Ondoren, 2003an, lerro hauetako protagonisten txanda izan zen. Lehenengo ekinaldian 6.750 metrora iritsi ziren, artifizialeko sekziora. Baina oso bibak zein gau txarra pasa ondoren, igoera bertan behera utzi zuten. Berriro saiatu ziren, eta baita 6.900 metroko garaiera lortu ere. Gailurretik pare bat luzera zeuden, baina elurraren kondizioak ez zituzten lagun, eta berriro beherako bidea hartu zuten.

Oso eguraldi ona

Azken ekinaldiaren ostean, berriz, sariarekin itzuli dira etxera. Bost eguneko eskalada biribilduta, ekainaren 12an lortu zuten gailurra. Aurreko saialdietan bezala, frantziarrek estilo alpetarra erabili dute. Tontorretik jaitsi bezain laster, Trommsdorffek zera adierazi zuen: «Inoiz ez dut igo gabe zegoen hain pareta ederra eskalatu, eta ziur nago berriro igotzera itzuliko naizela». West Yutmaru glaziarra eskiekin zeharkatu ondoren, sokada frantziarra lanean jarri zen. Eta hasteko, 60ºko elurrezko aldapa gogor bati ekin behar izan zioten. Hiru eguneko jardueraren ondoren, paretaren zatirik zailenera iritsi ziren, 6.700 metrora dagoen headwallera.

Buruhauste handienak, zailtasun tekniko gogorrenak alegia, zati horretan zituzten. Oso eskalada tentea aurretik, eta osagai ezberdinetakoa: arroka, mistoa eta izotza. 300 metroko zutarri ia osoa era askean igo zuten: «Hogeita hamar metro gutxi batzuk era artifizialean eskalatu genituen. Eroria zuen diedro bat zen. Zailtasunari dagokionez, nahiago dut zenbakirik zein letrarik ez jarri, besteak beste, oso eremu alpetar laburra delako. Hori dela eta, oro har, ED zailtasuna eman diogu».

Hala ere, gogora dezagun duela lau urteko saioetan aipatutako zailtasun tekniko horiei 6a eta M6 jarri zietela. Headwalla gaindituta, 300 metroko gailurreria geratzen zitzaien. Ekainaren 12an Pumari Chhish mendiaren hegoaldeko aurpegiaren korapiloa askatu zuten. Jaitsierari dagokionez, ez zen batere erosoa izan. Guztira, 35 rapel egin behar izan zituzten, eta horretarako egun eta erdi egin zuten. Hori bai, eta ezohikoa bada ere, alpinista hauek eguraldia lagun izan zuten: astebeteko eguraldi zoragarria!

Trommsdorffek adierazi duenez, oso gustura jardun dira: «Bazirudien Alpeetan geundela, baina garaiera handiagora. Eigerren iparrarekin antz handia du; hori bai, askoz handiagoa eta altuagoa da. Bideak, adibidez, 2.700 metro ditu. Eta, gainera, zailtasun tekniko handienak 6.400 eta 7.000 metro artean daude. Granitozko zein izotzezko piramide ederra da. Granitoaren kalitatea bikaina baina bikainagoa da; badirudi Alpeetako laumilako batean eskalatzen ari zarela».

Hori guztia aipatu ondoren, frantziarrek esan dute egin berri duten jarduerak Marko Prezelj eta Boris Lorencic esloveniarrek Chomo Lhariko (7.326 m) ipar-mendebaldeko zutarrian (ED, M6+, 70º, 1.950 m) egindakoarekin antza duela. Gogora dezagun esloveniarren eskalada horrek iazko Urrezko Piolet saria jaso zuela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo