GARA > Idatzia > Mendia

alpinismoa Andeak

Andeetako kalitatezko dietaren emaitzak

Jordi Corominas eta Oriol Baro katalanek oso jarduera bikainak egin dituzte Perun. Besteak beste, Siula Chicoko hego isurialdearen lehenengo igoera egin dute. Horrez gainera, Nevado Copako hego isurialdean eta Hego Huescaraneko ipar aurpegian jardun dira.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Corominasek eta Barok oso sokada orekatua osatzen dutela ez du inork zalantzan jarri. Lehenengoak, 49 urterekin, eskarmentua eskaintzen du; bigarrenak 27 urte ditu eta gaztearen grina ematen du. Eskarmentua duena gaztearen irakaslea izan zen. Bai, Corominasek FEDMEren Alpinista Gazteen Taldea zuzentzen zuenean, Baro ikasle zuen. Taldeko lanak amaituta, argi geratu zen bi katalanen artean oso kimika ona zegoela. Adibide gisa, hor dugu sokada berak iaz GIV mendian (7.925 m) eginiko saioa. Oso era arinean bide bat zabaltzen saiatu ziren, baina, gailurretik 700 metrora zeudela, elurraren egoera txarrak atzera egitera behartu zituen.

Aurten berriro elkartu dira, eta maiatza eta ekainean Peruko bi mendilerrotan jardun dira: Mendilerro Zurian eta Huayhuashen. Txantxetan ala ez, Barok aurreratu zuen kirol eskalada egiteko oso gizen zegoela, eta hori konpondu ahal izateko errezeta onena alpinismoa egitea zela. Kiloren bat edo beste jaisteaz gainera, Peruko mendi horietatik oso emaitza bikainekin itzuli da. Eta, jakina, sokada horren filosofia ezagututa, erabilitako estiloak ez du batere «akatsik» izan. Barok berak esan duen legez, «benetako alpinismoa izan da. Letra larriz idazten den horietakoa. Eskalada guztiak era alpetarrean egin ditugu. Jakina, txaparik erabili gabe».

Oro har, hiru izan dira jarduera garrantzitsuenak. Lehenbiziko biak Mendilerro Zurian egin zituzten: Nevado Copako hegoaldeko isurialdean eta Hego Huascarango iparraldeko aurpegian. Hirugarrenak, eskalada guztietako bikainenak, Huayhuashera eraman zituen: Siula Chicoko mendebaldeko aurpegira. Isurialde horretan zabaldu den lehenengo bidea izan da.

Hirugarren bidaian

Girora egokitu ondoren, eta motorrak berotu ahal izateko, Corominas eta Baro Mendilerro Zurian izan ziren lehenik. Nevado Copa (6.188 m) izan zen haien lehenengo helburua; hain zuzen ere, mendiaren hegoaldeko isurialdea. Han, Mostro Africano bidea eskalatu zuten: ED, V/6, 800 metro. Zailtasun tekniko handienak izotzean izan zituzten; izan ere, sei luze gogor gainditu behar izan zituzten. Azkena, 40 metrokoa, oso tentea zen. Arestian aurreratu dugun legez, estilo arinean eta txaparik gabe.

Bigarren erronka ondo baino hobeto ikusten zuten gailurretik: Hego Huascaraneko (6.768 m) iparraldeko aurpegia. Gailurrera jo ahal izateko, Turbera bidetik igo zuten: MD+, M5, A1, 1.200 m. Guztira, lau eguneko jarduera izan zen; beraz, hiru bibak (oso hotzak) jasan behar izan zituzten. Azken biak, gainera, mendiaren gailurrerian eta jaitsieran. Barok adierazi duenez, «oso nahasiak izan ziren». Berriro ere era arinean eta txaparik gabe.

Bi bide berri, eta hirugarren eta azken jarduera falta zen; hain zuzen ere, espedizioaren harri bitxia. Zergatik esaten ote dugun? Bada, besteak beste, igo gabeko pareta baten lehenengo bidea ireki dutelako. Gainera, zailtasun teknikoak ez dira txantxetakoak izan. Azken erronka Huayhuashen zuten. Siula Chicoko (6.265 m) mendebaldeko aurpegi erakargarri bezain zaila igo gabe zegoen. Saio batzuk izan ditu tartean, baina guztiak ala guztiak ezerezean geratu ziren.

Lehenengoa, bi izarren kontua izan zen. Mick Fowler eta Simon Yates britainiarrek 1998an egin zuten ekinaldia. Bigarrena, gaurko protagonista den Corominas eta Jordi Tosasena izan zen. Bi urte geroago, azken bi protagonista horiek pareta horretan izan ziren berriro. Hirugarren bidaian lortu du helburua Corominasek.

Hamar eguneko eskalada gogorra izan zen, horietako sei paretan pasa zituzten. Hamaka, petatea... finean, big-wallerako ohiko materiala. 900 metroko bidea zabaldu dute, eta zailtasunak honakoak: ED+, V/A1, 5+, RM/A2. Baroren esanetan, oso marra dotorea zabaldu zuten: «Zazpigarren egunean kalitatezko izotzarekin egin genuen topo, baina, hori bai, oso bertikala. Komeriaren bat edo beste pasa genuen, besteak beste, aseguratzeko zailtasun handiak zeudelako. Batez ere izotzean eta 3. eta 4. bibaken artean. Artifizialeko zatiak ere asko eskatu zigun. Oro har, pareta oso bertikala da, eta atseden hartzeko ia ez dago erlaitzik. Bestalde, eguerditik aurrera arriskutsua zen, goialdetik izotza eta harriak erortzen zirelako. Eta, jakina denez, logistika on bat behar duzu eratu». Beste bide berri bat, hirugarrena, igo gabeko pareta batean, estilo alpetarrean eta txaparik gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo