GARA > Idatzia > Gutunak

joxi imaz AHT Gelditu, Tolosaldea

AHT: balantze bat

2007 urtearen lehenengo zatia pasa denean, AHTren proiektua zalantzan jarri nahi dugunok, azken hilabete hauetan gertatutakoaren balantzea egitera gatoz. Madrileko eta Gasteizko gobernuen arteko akordioaren ondorioz, hasi dira aurten desjabetze edo expropiazioak, lanen lizitazioak eta obrak ere bai, modu sinbolikoan, behintzat. Baina, era berean, proiektu hori gelditzeko eskatzen duen borrokak ere jarraitu du. Euskal Herri mailan, «AHTk EHan izango lukeen eraginari buruzko txostena» argitaratu genuen martxoan. Hilabete berean, «AHTri buruzko iritzi inkesta» ere aurkeztu genuen; Tolosaldeko inork ez zuen esan AHT astero edo egunero erabiliko lukeenik.

Bailarako borrokari dagokionez, neguan gaiari buruzko astebeteko jardunaldiak antolatu genituen Tolosako Kultur Etxean. Apirilaren 1ean, Alegian, proiektuari buruzko galdeketa egin zen: 451 biztanlek eman zuten botoa eta horietatik 426k ezezkoa eman zioten proiektuari, eta 21ek baiezkoa. Udaberrian, AHTk Tolosan izango lukeen eraginari buruzko txostena prestatu genuen eta 23 elkartek babesa eman zioten. Horrez gain, trena nondik eta nola pasako litzatekeen ikusteko poster bat zabaldu zen. Ez al da arraroa gu ibili behar izatea proiektuari buruzko informazioa zabaltzen? Beste gai batzuetan badakite bada ederki gure agintariek propaganda nola egin! Gure ustez, arazoa zera da: AHT pasa baino ez dela egingo Tolosatik eta, ondorioz, udalak oso zaila daukala proiektu hori saltzea, hainbestetan Tolosa indartu behar dela esan ondoren, proiektu honek juxtu aurkakoa egiten baitu: marjinatu.

Proiektu honen kontrako hurrengo deialdiak honakoak dira: uztailaren 27tik abuztuaren 5era arte, Aramaion, kanpaldi bat antolatu da; uztailaren 21erako, Urbinan, obretara joateko martxa antolatuta dago; eta, uztailaren 28an, manifestazioa Urbinatik.

Hemendik aurrera ere, borrokak jarraitu egingo du, beraz, eta jendea animatu nahi dugu deitzen diren jardueretan parte-hartzera. Koordinadoraren barnean ikuspegi desberdinak daude. Batzuek «trenbide sozial» bat proposatzen dute AHTren ordez; beste batzuek, gizarte eredua bera zalantzan jarri behar dela pentsatzen dute. Dena dela, denok ados gaude puntu nagusian: AHT gelditu eta garraio ereduari buruzko eztabaida ireki behar da!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo