GARA > Idatzia > Euskal Herria

Borrokaren ugaltzea dela-eta, AHT gelditzea «egingarria» da Batasunaren esanetan

AHTren aurkako borroka indartu izana txalotu du Batasunak. Era berean, hura etetea «egingarria» dela esan eta azpiegituraren azpian dauden «interesak» agerian uzteko beharra nabarmendu du.

p019_f02_124x312.jpg

Oihana LLORENTE |

Eusebio Lasa eta Joseba Permach Batasuneko mahaikideek azken ikasturtean AHTren aurkako borroka Euskal Herri osoan indartu eta trinkotu dela deritzote. Gainera, hasiera batean, era horretako azpiegiturak eteteta «baztertutako aukera» gisa ikusten bazuten ere, egun, borrokaren ugaltzea dela-eta, AHT geldiaraztea «posible» dela nabarmendu zuten.

Donostian egindako agerraldian, alderdi politiko gehienek azpiegitura horren inguruko eztabaida eta informazioa oztopatu arren, herri mugimenduak agenda politikoan kokatzea lortu izana txalotu zuen Lasak.

AHTren aurkako oposizioa «hazten» ari dela nabarmendu zuen mahaikideak eta, horren adibide gisa, orain artean egindako herri galdeketak ekarri zituen gogora. Horietan, «ezezko borobilaz» gain, izandako parte hartze maila handia nabarmendu zuen.

Ostera, azpiegitura hori erakitzeko orduan erakunde zein alderdiek erakutsitako «inposizio jarrera» gogor gaitzetsi zuen, proiektuaren inguruko informazioa ezkutatu eta herritarren partehartzea ukatu izan dutela baiteritzo.

Pasa den maiatzaren 27an izandako hauteskundeetako emaitzak ere hizpide izan zituzten agerraldian. «Herritarrak engainatu eta edozeren gainetik AHT inposatu nahi duten» alderdiak, bozkaren bidez «zigortuak» izan direla adierazi zuen buruzagi abertzaleak. Era honetako azpiegituren aurka «kontsekuenteki» jokatu duten alderdiak, ostera, hauteskunde lehian garaile izan direla azaldu zuen.

Alderdi independentistaren aburuz, Lakua zein Gobernu espainolak daukaten jarrera «erabat antidemokratikoa» da. Permachen esanetan, «kosta ahala kosta» ari baitira AHTko lanak egiten.

Alderdi abertzaleak argi du proiektu honen atzean interes ekonomiko eta politiko «itzelak» daudela. Are gehiago, azpiegitura honekin EAJ, UPN eta PSEren «eredu neoliberala» ikus daitekeela deritzote.

«Poltsiko gutxi batzuk dirutuko dituen eragiketa ekonomiko» gisa definitu zuen Permachek AHT. Halaber, «ama lurraren eta herri interesen lepotik» gauzatuko dela salatu zuen.

Egoera horren aurrean, AHTren atzean egon daitezken interes «ezkutuak» agerian uztea lehentasunezkotzat jo zuen Permachek. Hala, AHT geldiaraztea «egingarria» dela nabarmendu eta, bide horretan, langileriari eta herri sektoreei AHTren aurka indarrak biltzeko deia plazaratu zien.

28an, Urbinan hitzordua

Batasunak bere babes osoa eskaini dio AHT Gelditu! Elkarlanak uztailaren 28rako deitutako manifestaldiari. Hitzordua, Urbinako enparantzan izanen da, arratsaldeko 18.00etan. Inguruan jada abiatuak diren obretara joan ostean, ekitaldi politikoa egingo dute Urbinako plazan. Alderdi abertzaleak euskal gizarte osoari bertaratzeko deia egin zion.

imazen lankidetza

Ezker abertzalearen aurkako «gerra estrategian», EBBko presidente Josu Jon Imazek Gobernu espainolari eskaintzen dion lankidetza «AHT eta gisako proiektuen bidez ordaindua» dela deritzo Batasunak

alkateak

Sentsibilitate oso desberdineko alkateek AHTrekiko aurkakotasuna erakutsi izana «oso positiboki» baloratu zuten. Aurrera begira ere, planteamendu aktiboak egiten jarraitzeko gonbita egin zien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo