GARA > Idatzia > Euskal Herria

Berdeek Kontseilu Nagusian OGMen gaia eztabaidatzea eskatu dute

GARA |

Transgenikoen gaia Kontseilu Nagusian eztabaida dadila eskatu dute Ipar Euskal Herriko Berdeek. Aldi berean, hautetsien jarrera ere salatu du alderdi ekologistak. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 500 arto transgeniko hektarea daudela jakin zenetik hautetsiek adierazpenik ez dutela egin salatu dute Berdeek. Hauteskundeak baino lehen OGMen gaineko eztabaidaren alde agertu ziren hautetsiei beren hitza betetzeko eskatu diete ekologistek.

Paueko parlamentuak transgenikoen gainean eskumenik ez badu ere, Berdeek horrek garrantzirik ez duela adierazi zuten. Departamentu guztietan horrelako eztabaidak aurrera eraman izan balira, estatu mailan aldaketa eman ahal izanen litzatekeela defendatzen du alderdi ekologistak.

Departamentuko presidente Jean-Jacques Lasserreren MoDem alderdiari eta UMPko hautetsiei deia zabaltzen badiete ere, Berdeek Partidu Sozialistako kideei zuzentzen die deialdia, bereziki. Hauteskunde garaian Berdeek beren sustengua eman zieten sozialistei lagintaldian zehar ekologiari loturiko gaiak eztabaidatuko zituztela hitzartu zutelako. Berdeen Baionako hautetsi Martine Bisautak argiki adierazi zuen: «orain arte inor ez da mugitu».

Anti-OGM kolektiboa

Ipar Euskal Herriko OGMen kontrako kolektiboak astelehen arratsean bilkura orokorra egin zuen Heletan. Bertan, heldu den abuztuaren 4an, Akamarren, «herritar zainketa» egun erraldoi bat egitea erabaki zuten. Ekimen handi horren zehaztasunak heldu den astean emanen dituzte ezagutzera.

Herriko Etxeak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko atzo sinaturiko hitzarmenaren lehen ondorioa Mixel Esteban euskara teknikaria izendatzea izan da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo