GARA > Idatzia > Kultura

Arrakasta borobila izan du Ruée au Jazz jaialdiaren 5. edizioak

GARA | BAIONA

«Elementu guztiek bat egin dute Ruée au Jazz jaialdiko bosgarren edizioak arrakasta izugarria izan dezan», jakinarazi dute Baionan jazzari bere txokoa eskaintzen dion jaialdiko antolatzaileek. Uztailaren 12an hasi eta joan den larunbatean itxiera ekitaldi gogoangarria izan zuen festibalak «moralki» eta ekonomikoki bere tokia egin duela nabarmendu du antolaketaz arduratzen den boluntario taldeak.

Ikusleen kopuruari dagokionez, inoiz baino jende gehiago joan da jaialdira. 11.000 ikusle inguru izan dira, orotara, gaualdi ezberdinetan, nahiz eta kopuru zehatza oraindik ez den ezagutzera eman. Joshua Redman saxofoi jotzaile gaztea ikusteko 880 pertsona bildu ziren eta Henri Texierren Strada Sextetek bere musikarekin 600 ikusle miresteko parada izan zuen Baionan.

Aldi berean, Elkarteen Etxera egin kokaleku aldaketak ere lagundu du, bai antolaketa mailan, baita ikuslegoa erakartzeko momentuan ere.

Gazteria

Jazza pertsona guztiei hurbiltzea xede duen ekitaldi honek bere nahiak bete dituela argi utzi dute antolatzaileek. Izan ere, mundu mailako izar handiak prezio txikietan ikusi ahal izateak jendea erekarri baitu Baionako jaialdira. Baina, bestalde, antolakuntzan lanean aritzeko ere inoiz baino jende gehiago izan da aurten. Jaialdiak iraun duen hiru egunetan 140 gazte izan dira laguntzen. Laguntzaileen gaztetasuna nabarmentzekoa da, boluntarioen adinaren batez bestekoa 25 urtekoa izan baita aurten.

Oro har, jende helduarekin lotzen da jazzaren mundua eta adin guztiei zabalik dela erakutsi du, aurten inoiz baino gehiago, Ruée au Jazz jaialdiak. Antolatzaileek nabarmendu nahi izan dutenez, Baionara hurbildu diren «musikari handiak, oro har, aski harrituak gelditu dira antolatzaileen gaztetasunarekin eta ondoren erakutsi zaien profesionaltasunarekin eta harrera beroarekin».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo