GARA > Idatzia > Arrauna

KAE Ligaren analisia

Maila aldaketari ongi hartu dio neurria Pasai Donibanek

Aurreneko hiru estropadetan bigarren egin eta gero, Santurtzin lortu zuen denboraldiko lehen garaipena

p046_f01_148x116.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Kantauriko Arraun Elkartearen (KAE) lehen multzoko aurreneko hiru estropadetan bigarren amaitu ostean, aurreko igandean lortu zuen Pasai Donibanek denboraldiko lehen garaipena Santurtziko uretan. Sanjuandarrek ongi prestatu dute denboraldia eta iaz Traineru Kluben Elkartetik (TKE) jaitsi arren, aurten berriz igotzeko borrokan egon nahi dute.

«Hiru aldiz bigarren egin eta garaipenetik horren gertu ibili eta gero, behingoz estropada bat irabaztea pozik hartzen da. Igande arratsaldean galernak jo zuen eta, estropada ibaian jokatu arren, palka eta guzti ibili behar izan genuen. Olatu dezente, haize azkarra... nahiko arriskutsua zegoen. Zaila eta gogorra izan zen baina, azkenean, oso pozik amaitu genuen», azaldu digu Igor Makazaga arraunlari eta bigarren entrenatzaileak.

Aurreneko hiru probak Getariak irabazi zituen eta Santurtzin bi traineruek pare-parean jokatu zuten erlojupekoa. «Uste dut Santurtzin beti kaleen artean egoten diren alde handiak kitatze aldera egin zutela. Getaria parean izatea erreferentzia ona izan zitekeen, baina bere arriskua ere bazuen. Aurreko hiru estropadetan beraien atzetik bigarren egin eta gero, sikologikoki nahiko arriskutsua izan zitekeen. Baina irteeran ongi eutsi genien eta, nahiz eta aurreneko ziabogan alde pixka bat kendu ziguten, bigarren eta hirugarren luzeetan aurrea hartzea lortu genuen, zorionez», gogorarazten du Makazagak.

Denboraldi hasiera aztertzerakoan Igor Makazagak argi onartzen du prestaketa planifikatzerakoan iraileko kanporaketa oso kontuan izan dutela. «Presarik gabe hasi nahi genuen. Gure ligak bi hilabete irauten du baina, lehen bi postuetan sartuz gero, play-offak irailean jokatzen dira. Gure apustua, arriskutsu samarra, irailean arraun egin beharko genuela pentsatzea izan zen. Errioxan bigarren egin genuenean pozik geratu ginen, askoz aurrerago ibiltzea ez genuelako espero. Eta asteak aurrera joan ahala, ikusten ari gara bai Getaria, eta bai gu hor aurrean finkatzen ari garela», esan digu.

Egia da. Lau estropada baino jokatu ez badira ere, Kaiku eta Isuntza atzera samar geratu dira eta oso zaila izango dute bi talde horiek aurreko postuetara hurbiltzea. «Guk, bigarren izanda, bederatzi puntu ateratzen dizkiogu hirugarrenari. Horrek konfiantza eta lasaitasuna ematen dizkigu, nahiz eta oraindik ez dagoen ezer eginda. Hor jarraitu behar dugu eta garaipen gehiago iristen badira, askoz hobeto», onartzen du Makazagak.

Aldaketa asko eta ongi eginak

TKEtik jaistea trantze gogorra da edozein elkarterentzat, are gehiago Pasai Donibane bezalako talde historiko batentzat. Baina badirudi Donibane aldean gauzak zentzuz egin dituztela, burua galdu gabe. «Andoni Trecet da entrenatzailea; Patxi Leon, arraunlaria izateaz gain, prestaketa fisikoarekin dabil; eta ni ere, arraun egiteaz gain, bigarren entrenatzaile moduan nabil. Nahi genuena lan talde bat osatzea zen, lanak ongi bereiztea, TKEtik jaistean beti sortzen diren zalantza eta mesfidantza horiek eragozteko» azaldu digu Igor Makazagak.

Koadrilari dagokionez ere, aldaketa asko izan dira, baina badirudi trainerua oso azkar dabilela. «Iaztik zazpi edo zortzi arraunlari baino ez dira geratzen. Ur Joko izan zen bigarren talde hartatik batzuk igo ditugu, gazteren bat ere bai, eta arrauna utzita zeuden hiru edo lau mutil ere itzuli egin dira», argitu digu azkenik Makazagak.

Azken erabakiaren zain daude Getarian

KAE Ligako lehen hiru estropadak irabazita sekulako denboraldi hasiera egin arren, tentsioa oso nabarmena da Getaria aldean. Batzorde Teknikoak Unai Etxeberria, Aitor Olaskoaga eta Iñigo Mujika arraunlariak lehiaketatik kanpo utzi zituen, KAE Ligan izena emanda egon arren, Oriorekin Euskadiko Aulki Mugikorreko Txapelketan parte hartu zutelako. Aurreneko estropadaz geroztik, hiru arraunlari horiek ezin izan dute arraunean egin eta Getaria Disziplina Batzordearen azken erabakiaren zain dago. Gainera, gipuzkoarrak beldur dira, arraunlariei jarritako zigorraz gain, elkarteari berari ere zigorren bat jarriko ote dioten, lehiaketatik behin betirako kanpo uztea, adibidez.

Getariako ordezkariek nahiago izan dute azken erabakia ezagutu arte adierazpenik ez egitea, baina argi dago gertatutakoarekin ez daudela batere ados. Arraunlariek lehiaketan parte hartzen jarrai zezaten badaezpadako neurriren bat ere eskatu dute, baina oraingoz ez dute erantzunik jaso. Erabakia ezagututakoan hitz egingo dute Getariako zuzendaritzako kideek.

A.A.

lau estropada

Lehen multzoan bi estropada jokatuko dira asteburuan: larunbatean Santanderren eta igandean Getarian. Bigarren multzoan ere beste bi izango dituzte: larunbatean Pasaian eta igandean Plentzian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo